kultura
Antzerkia, Gasteizen
Blanca Portillo, El Brujo eta Kepa Junkera, Principal Antzokian
Erredakzioa
Gasteizko antzokiak 61 ikuskizun hartuko ditu guztira neguan eta udaberrian: antzerkia, flamenkoa, popa, umorea, musika…
-
Kepa Junkerak “Txapeldun” ikuskizuna aurkeztuko du Eneko Balerdi dantzariarekin batera
Blanca Portillo, Gonzalo de Castro, Rafael Alvarez ‘El Brujo’, Gorka Otxoa, Concha Velasco, Raphael, Leo Harlem, Kepa Junkera... Otsailetik aurrera, aktore eta musikari horiek eta gehiago igoko dira Gasteizko antzokiko agertokira.
Orotara, 61 proposamen eszeniko “kalitatezko eta plural” eskainiko dituzte, Gasteizko Udaletik adierazi dutenez. Denetarik egongo da: flamenkoa, popa, umorea, zirkua…
Urtarriletik ekainera, zer ikusi egongo da Arabako hiriburuan: Concha Velasco aktoreak Olivia y Eugenio lana ekarriko du, Herbert Moroteren drama bat, Jose Carlos Plazaren zuzendaritzapean.
Halaber, Blanca Portillo bi lanek ekarriko dute Gasteizera, zuzendari eta aktore moduan. Izan ere, Don Juan Tenorio klasikoaren egokitzapen bat egin du eta, aktore gisa, El testamento de María lanean Meryl Streepentzat idatzi zuten paper bat egiten du.
Antzerki programazioan Invernadero Harold Pinter britainiar antzerkigile eta poetaren lana ere agertzen da. Besteak beste, Gonzalo de Castro, Tristan Ulloa eta Isabell Stoffel aktoreek lan egiten dute obra horretan.
Halaber, Broadwayn arrakasta handiz erakutsi duten lan baten gaztelaniazko egokitzapena ere izango dute ikusgai gasteiztarrek eta bisitariek: Lluvia constante, Roberto Alamo eta Sergio Peris Mencheta aktoreekin.
Euskarazko eskaintzari dagokionez, Erdibana umorezko lana, Txapeldun Kepa Junkera eta Eneko Balerdiren lan osoa eta Jokoz kanpo, Pricipal Antzokia futbol-zelai bilakatuko duen antzezlana, ikusi eta entzun ahalko dira.
Gainera, balletaren zaleek Les Ballets Jazz Montrealez, Argentinako Ballet Nazionalaz eta Oier Lopez de Luzuriagaren lanaz gozatu ahalko dute.
Musikari dagokionez, besteak beste, De amor y desamor Raphaelen disko berriaren aurkezpena, Baserria zarzuelaren familia osoarentzako bertsioa, Mother Africa zirkua, La Traviata eta Amaia Monteroren disko berriaren aurkezpena ikusi ahalko dira Principal Antzokian.
Umorezko emanaldiak ere egongo dira: Leo Harlem, Els Joglars, Joaquin Reyes, Ernesto Sevilla…