Itxi

kultura

Urtarrilak 23 eta 24

Les Ballets Jazz de Montrealen dantza 'sexy eta originala', Arriagan

Erredakzioa

Hiru piezako ikuskizuna eskainiko du ballet klasikoa eta beste dantza estilo batzuk nahasten dituen konpainiak Bilboko antzokian.

“Joera garaikideen sormenaren alderdia aztertzen duen baina, aldi berean, estetika klasikoarekin konpromisoa duen estilo distiratsua eta adierazgarria” du Les Ballets Jazz de Montrealek (BJM), adituen arabera, eta horixe taularatuko du Arriaga Antzokian, ostiralean, urtarrilak 23, eta larunbatean, hilak 24, 20:00etan.

“Dantza hibrido” kontzeptua hiru piezaz osatutako egitarauak gauzatuko du: Cayetano Soto bartzelonarraren “Zero in on”, Wen Wei Wang koreografo txinatarraren “Night box”, eta Barak Marshall israeldar-amerikarraren “Harry”.

Fusioaren aldeko apustua BJMren izaeraren adierazgarri da, ikerketa laborategi ere baita konpainia.

Les Ballets Jazz de Montréal dantza eta ballet taldea punta-puntan dago egun. 1972an sortu zuten Geneviève Salbaingek, Eva von Gencsyk eta Eddy Toussaintek, eta, arduradunek azaldu dutenez, “konpainiaren izenak jasotzen duen jazz hori gaur egungo gustuetara egokitutako ballet klasikoari buruzko erreferentzia da musika estiloa baino gehiago”

Sarrerak 12 eta 42 euro arteko prezioan daude eskuragarri, webgunean, 946 850 850 telefono zenbakiaren bitartez eta antzokiko txarteldegietan.