kultura
Golardoa
Xanti Rodriguezek publizitate-argazkilaritzaren Goya saria irabazi du
Erredakzioa
Estatuko argazkilaritza-sari garrantzitsuenetarikoa da. Azpeitiar honek, gainera, Europako golardorik nagusiena eskuratu zuen iaz.
-
Xanti Rodriguezen 'Topa' lana. Argazkia: xantirodriguez.com
Xanti Rodriguez argazkilari gipuzkoarrak 2015eko Argazkilaritzaren eta Bideoaren Goya saria irabazi du, publizitate-argazkilaritzaren sailean. Estatuko argazkilaritza-sari garrantzitsuenetarikoa da, eta aurtengo edizioan, 15. edizioa, alegia, 300 lametik gora aurkeztu dira.
Nazioartean eta Estatuan ospe handienetarikoa duen argazkilaria da Rodriguez. Iaz Europako golardorik nagusiena eskuratu zuen: FEP European Professional Photographer of the Year Awardseko Urrezko Kamera, hain zuzen ere. 22 herrialdeetako 500 argazkilari profesionalek parte hartu zuten, Información en Red webguneak azaldu duenez.
Aurtengo edizioan, Argazkilaritza eta Bideoaren Goya sarien antolatzaileek 367 irudi jaso dituzte. Guztira, 85 argazkilari izan dira lehian, horietako asko atzerritarrak, eta 17 autorek 33 bideo-lan aurkeztu dituzte.
Xanti Rodriguez ezaguna da lehiaketa horretan, izan ere, 2011ko eta 2013ko edizioetan parte hartu zuen, eta lehen saria irabazteko puntuan egon zen.
Oraingoan 'Topa' izeneko obrarekin irabazi du: zuri-beltzez egindako irudia da, eta ardo-kopa eta kortxoa kentzeko tresna ikus daiteke bertan. Azpeitiako taberna baterako egindako proiektu originala da.
"Primerakoa da Goya saria lortzea: luxuzkoa bada lehiaketa garrantzitsu honetako finalean egotea, imajina ezazu lehen saria irabaztea", esan du Rodriguezek, "horrek aurrera egiteko gogoak handituko ditu".