Itxi

kultura

Guggenheim

Uriarte: 'Bilbo Guggenheim sarearen kolaboratzaile ezinbestekoa da'

Erredakzioa

Kultura sailburuak museoaren eta Fundazioaren arteko akordioa azaldu du Legebiltzarreko batzordean. Jon Azua proposatuko dute Patronatuan euskal erakundeak ordezkatzeko.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordean, Guggenheim Bilbao museoaren eta newyorktar fundazioaren arteko hitzarmena hogei urte gehiagorako luzatu dela eta. Eusko Jaurlaritzaren begietara, “onuragarria” da akordioa, “egonkortasuna” baitakar, baina EH Bilduk eta PSEk kritikatu egin dute.

Lankidetzarako akordioa berriztatzeko hitzarmenak hainbat berrikuntza dakartza 1994koaren aldean; izan ere, esaterako, Solomon Guggenheim Fundazioa kudeatzaile izatetik kudeaketan parte hartzera pasatuko da.

Halaber, 2016tik aurrera bi urtean behin New Yorkeko museoaren bildumen artelan garrantzitsuenak sei hilabetez Bilboko zentroan erakustea ere aurreikusten da idatzi berrian.

Finantziazioari dagokionez, hitzarmenak urteko 2,4 milioi estatubatuar dolarreko (1,9 milioi euro) kanona ezartzen du; diru hori ordaindu behar dio museoak Fundazioari. Orain arte, jasotzen zituen zerbitzuen araberako kopuru aldagarria zen ordaindu beharrekoa.

Sailburuak museoaren “errentagarritasun sozial, ekonomiko eta kulturala” azpimarratu du, eta, lehen hogei urteotako “arrakastaren” ondoren, Solomon Guggenheim Fundazioaren sareko “kolaboratzaile ezinbestekoa” dela adierazi du.

Oposizioaren kritikak

Vicente Reyes PSE-EEko legebiltzarkidea oso kritiko mintzatu da, eta sailburuak Legebiltzarraren lana “oztopatu” duela esan du; izan ere, azaldu duenez, Mahaiaren babesa eskatu behar izan dute Jaurlaritzak hitzarmenaren testua bidal zezan. Gainera, akordioa “txarto” negoziatu dutela, euskal arteari “entzungor” egiten diola eta finantza ikuspegitik aurrekoa baino okerragoa dela esan du.

Estitxu Breñas EH Bilduko kideak ere dokumentazioa Legebiltzarrera atzerapenaz bidali izana deitoratu du, eta “ezegokitzat” jo ditu hitzarmenaren 20 urteko indarraldia eta adostutako finantzazioa.

Juan Antonio Arieta-Araunabeñak (EAJ) Jaurlaritza zoriondu du, “Bilborentzat, Bizkaiarentzat eta Euskadirentzat akordio onuragarria” lortzearren, eta gainerako alderdien kritikak “alderdikeriak” gidatuta datozela esan du.