Itxi

kultura

Irekiera

Bagdadeko Museo Nazionala berriz ernatu da, inbasioaren hondarretan

Erradakzioa

UNESCOk Irakeko agintariak zoriondu ditu, hamabi urtez itxita egon eta gero Bagdadeko Museo Nazionala berriz ireki baitute.

UNESCO Nazio Batuen Erakundeko Hezkuntza, Zientzia eta Kulturako Erakundeak Irakeko agintariak zoriondu ditu, Bagdadeko Museo Nazionala ireki berri baitute. Hamabi urtez itxita izan dute hiriburuko museoa, AEBko Armadak gidatutako inbasioaren ostean deuseztatutako eta lapurtutako materiala berreskuratzeko.

NBEren erakundeak goraipatu duenez, “oso deigarria da orain zabaldu izana, herrialde horretan balio handi-handia zituzten beste hainbat artelan eta gizateria ondare deuseztatu berri dituzten honetan”; izan ere, jakina da joan den astean Estatu Islamiko talde jihadistako hainbat milizianok Mosul hiriko museoan triskantza eragin zutela.

Hartara, Irina Bokova UNESCOko zuzendariaren esanetan, “agerian gelditu da Irakeko Gobernuak nazioaren historiaren eta pluralitate kulturalaren erasoen eta ezjakintasunaren eta indarkeriaren aurkako ikur bihurtu nahi duela museoa, nazioarteko komunitatearen laguntzaz”.

1926an inauguratu zuten Bagdadeko Museo Nazionala, eta Babiloniako Inperioaren erdigune izan zen lurraldeko 7.000 urteko historia laburbiltzen du. Sumertarren, arkadiarren, asiriarren, babiloniarren eta kultura islamikoen objektuak gordetzen dituzte bertan.

Golkoko Gerran (1990-1991) kalte handiak egin zituzten museoan, eta 2000. urtera arte itxita egon zen, horien ondorioz. Handik hiru urtera, baina, 2003ko martxoan, AEBko Armadaren inbasioa etorri zen, eta eraikina erabat hustu eta deuseztatu zuten, kultur hondamendi neurrigabea eraginda.

UNESCOk emandako datuen arabera, 15.000 objektu desagertu ziren museotik, eta horietatik 4.300 berreskuratu dituzte.

kuratu dituzte.