kultura
Eztabaida
Irabazleari saria kendu dio World Press Photok, arauak urratzeagatik
Erredakzioa
Troilok Charleroi herriari (Belgika) buruzko argazki-sorta bat aurkeztu zuen lehiaketara, baina bilduma horretako irudietako bat Bruselan eginda dagoela ondorioztatu du antolakuntzak.
-
Giovanni Troilo (World Press Photo)
World Press Photo golardoaren antolakuntzak kendu egin dio lehen saria Giovanni Troilo argazkilari italiarrari, horren argazkietako batek lehiaketaren arauak urratzen dituelako.
Hain zuzen ere, Troilok Charleroi herriari (Belgika) buruzko argazki-sorta bat aurkeztu zuen lehiaketara, baina bilduma horretako irudietako bat Bruselan eginda dagoela ondorioztatu du antolakuntzak. Hori dela eta, informazio “faltsua” eman izana eta arauak “urratzea” egotzi, eta kendu egin diote saria.
Horren ondorioz, lehiaketan bigarren geratu zenari, Giulio de Sturco italiarrari, eman diote orain lehen saria.
Troilok berak baieztatu zuen argazkia Charleroin egin zuela, nahiz eta lehiaketan parte-hartzerako orduan kontrakoa esan. World Pressen ustez, “informazio faltsua ematea, lehiaketaren arauak urratzea suposatzen du”.
Troilori emandako sariak eztabaida handia piztu du, igandean antolatzaileek sariari eustea erabaki zutelako, nahiz eta Charleroiko alkateak bidalitako kexua mahai gainean izan.
Paul Magnette alkate sozialistaren arabera, Troiloren kontaketa “errealitatearen distortsio larria” islatzen zuen.
Kexu horri erantzuna emateko, World Press Photok argazkilari italiarraren lana aztertu zuten, epaimahaiari iruzur egin zion ala ez erabaki aurretik. Troiloren profesionaltasuna zalantzan jartzeko arrazoirik ez zegoela ondorioztatu zuten antolatzaileek.
Bigarren ikerketa baten ondoren, berriz, World Press Photok erabaki du argazkilari horrek arauak urratu egin zituela.