Itxi

kultura

Arriagako Gelatxoak

Anari eta Atxaga elkarrekin Bilbon asteazkenean, errezitaldi batean

Erredakzioa

“Desertuko biztanleei buruz” errezitaldia eskainiko dute musikariak eta idazleak, 20:00etatik aurrera, Bilbon, Arriaga Antzokian.

Bernardo Atxagak idazlearen eta Anari kantari eta konpositorearen ahotsek bat egingo dute asteazken honetan, martxoaren 11n, Bilboko Arriagako antzokiko "Arriagako Gelatxoak" egitasmoaren barruan, "Desertuko biztanleei buruz" izeneko errezitaldian, 20:00etatik aurrera.

 

Arriagako arduradunek adierazi dutenez, Anariren eta Atxagaren ahotsak "basamortuan barrena bidaia bat kontatzeko erreminta" izango dira eta, abestiak ez ezik, Asun Garikanoren "Far Westeko Euskal Herria" edota Atxagaren beraren "Nevadako egunak" liburuetako pasarteak ere entzun ahal izango dira, besteak beste.

 

Bernardo Atxaga eta Anari, sorkuntzari dagokionez, oso pertsona aktiboak dira. Anari Alberdi kantari, musikari eta konpositoreak hainbat lan argitaratu ditu eta hamaika kolaborazio egin ditu. Bernardo Atxaga, bestalde, euskarak hizkuntza literario moderno bezala erdietsitako adierazkortasun eta indarraren erreferenteetako bat da; izan ere hainbat poema, liburu, eleberri eta haurrentzako ipuin argitaratu ditu.

 

Sarrerak 8 eta 12 euro arteko prezioak erosi daitezke antzokiaren webgunean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edota antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.