Itxi

kultura

Heriotza

Pedro Reyes espainiar aktore komikoa hil da

N.V. | eitb.eus

53 urte zituela hil da. Tangerren jaio zen, 1961ean, baina huelvarra zen, eta bere umore absurdoak tokia egin zion telebistan, batik bat 80ko eta 90eko hamarkadan, antzerkian eta zineman.

Pedro Reyes aktore komikoa, besteak beste “La bola de cristal” eta “No te rías que es peor” telebista saioetan aritu zelako ezaguna, hil da, Valentzian, 53 urte zituela, Pablo Carbonell musikari eta aktoreak, Reyesen lagun min eta lankideak, Twitter bidez baieztatu duenez.

Pedro Reyes 1961eko maiatzaren 8an jaio zen, Tangerren (Maroko), baina Huelvan hazi zen. Andaluzian bertan ekin zion ikuskizun munduko lanari, ondoan beti Pablo Carbonell adiskidea zuela.

Batera heldu ziren Madrilera, eta "La bola de cristal" saioan hasi ziren lanean. Geroago, 90eko hamarkadan, Espainiako telebistan ohikoa izan ziren Reyesen umore surrealista eta absurdoa eta haren keinuak.

Zinemarako (Makinavaja, el último choriso eta Atún y chocolate, besteak beste) eta telebistarako jauzia egin zuen gero, eta, gaur egun, telebistan lan egiteko proiektuak izateaz gain, Josema Yusterekin antzezlan bat egiten ziharduen. Gainera, crowdfunding kanpaina bat egiten ari zen, El último fin de semana berak idatzitako beldurrezko film luzea filmatzeko.