Itxi

kultura

EAE-KO ANTZOKIEN TXOSTENA

Antzerkia EAEn berreskuratze aldera egiten ari da, Sarearen arabera

N.V. | eitb.eus

2014ko memoria argitaratu du Euskal Antzokien Sareak, eta horren arabera, 2012ko emaitzekin alderatuta, ikusle eta emanaldi kopuruak gora egin du. Iaz, antzezlanen % 42 izan ziren euskaraz.

Sarea EAEko antzokien sareak 2014an lortutako emaitzei buruzko dokumentua aurkeztu du. 1993. urtean sortu zen erakunde arteko entitate hau, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, foru aldundietako kultura sailek eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalek osatzen dute. Gaur egun, titulartasun publikoko 54 antzokiek eta aretoek osatzen dute sarea.

Horren arabera, 2014an, 509.000 ikusle joan ziren Sareak eskainitako 1.800 emanaldi baino gehiagotara. Zifra horiek “berreskuratze-joera” adierazten dute, txostenak jasotzen duenez, 2012ko emaitzekin alderatuta, “bai ikusleei (% 4,4) bai emanaldiei (% 6,6) dagokienez”.

Antzokiotan proposatutako kultura eskaintza nagusia antzerkia izan zen; ia 10 emanaldietatik 7 antzezlanak izan ziren. Gainera, lan horien % 70 publiko heldu edo gazteari bideratuta zeuden, eta, ondorioz, antzerkia ikustera joan zen 4 ikusletik 3 helduak izan dira.

Euskarazko antzezpenek 90.000 ikusle erakarri zituzten sare honetako antzokietara. Orotara, helduentzako antzerki programazioaren % 27 eta haurrei zuzendutako antzerki programazioaren % 70 izan zen euskarazkoa.

Sareako antzokietako kultura-eskaintzaren % 60 euskal konpainiek proposatu zuten, eta guztira ikusleen % 40 erakarri zituzten lan horiek.

Udalek gune eszenikoei eskaintzen dizkieten baliabide ekonomikoetan eta foru aldundiek ematen dituzten diru-laguntzetan oinarritzen da nagusiki Sareako antzokien programazioaren finantzaketa.

Antzoki horien programazio kostuak 9 milioi euro ingurukoak dira, txostenean jakinarazi dutenez. Foru aldundiek % 20 dakarkiote udal programazio horien finantzaketari, eta % 41 txarteldegietan eskuratzen da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ia 1,5 milioi euro bideratu ditu 2014an sorkuntza, prestakuntza eta produkzio eszenikoa laguntzera. Zifra hori % 14 hazi da 2013an bideratutako aurrekontuarekin alderatuta.