Itxi

kultura

Kale artea

Bilboko kaleak protagonista, Arteen Asteburuaren 3. edizioan

Agentziak | Erredakzioa

Artista ezagunek artelanak eta sortze prozesua publikoarekin partekatuko dituzte Bilboko kaleetan ostiral eta larunbatean, hilak 15 eta 16.

  • Spy artistaren "Statue" saileko interbentzio bat, Madrilen. Bilbon izango da artista.

    Spy artistaren "Statue" saileko interbentzio bat, Madrilen. Bilbon izango da artista.

Museoetan, erakusketa aretoetan eta galerietan ez ezik, artea kalean ere egongo da Bilbon asteburu honetan, maiatzaren 15 eta 16an. Harresiak eta kale altzariak arteleku izango dira Arteen Asteburuaren 3. edizioan.

Bilbao Art Districtek bultzatutako ekimenak kultura programa interesgarria aurkeztuko du: “Hiria arte konprometitu eta abangoardistaz, aldarrikapenez eta egungo egoera politiko eta sozialari eginiko erreferentziaz beteko dugu”, esan dute antolatzaileek.

Arteen Asteburuak ehun proposamen baino gehiago zabalduko ditu hirian, eta artistek lanak eta sortze prozesua erakutsiko diete ikusleei.

Spy hiri artistak, berbarako, interbentzio bat egingo du Uribitarte kaleko 6.ean, Baudillo bilbotarrak Isozakiko zabalgunea hartuko du, Jesus Jauregi Ajuriagerra kalearen parean arituko da eta Roscubas anaien lana Jado plazan ikusi ahalko da.

Ordutegi zabalduak eta doako sarrerak museoetan

Halaber, maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna denez, hiriko hainbat museok, Guggenheimek, Arte Ederren Museoak, Itsas Museoak eta Rekalde eta Ondare aretoek, ekimenarekin bat egingo dute, doako sarrerak eta ordutegi luzeagoak eskainiz.

Halaber, EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek ere beren lana erakutsiko dute, Itsas Museoaren kanpoaldean, Martzana kaian eta Bizkaia Aretoan.