Itxi

kultura

Musikala

Arriagak 'Sister Act' proposatuko du Aste Nagusia girotzeko

Agentziak | Erredakzioa

Whoopi Goldberg protagonista duen 1992ko film ospetsuan oinarritutako ikuskizun musikala abuztuaren 20tik irailaren 13ra arte egongo da ikusgai Bizkaiko hiriburuko antzokian.

1:12

Bilboko Arriaga Antzokiak Sister Act Whoopi Goldberg protagonista duen film arrakastatsuan oinarritutako musikala aurkeztu du gaur. Antzokiak Aste Nagusirako egingo duen apustua izango da gospel, soul eta funk oihartzunak zabalduko dituen ikuskizuna.

Antzokiko arduradunek esan dutenez, lana abuztuaren 20tik, Aste Nagusia hasi baino bi egun lehenagotik, irailaren 13ra egongo da ikusgai.

Musikalak “harrera ikaragarria” izan berri du Bartzelonan, eta Londresen eta Broadwayn ere erakutsi dute Bilbora etorri aurretik.

Mireia Mabo du protagonista Bilbora helduko den egokitzapenak. Deloris da aktorea lanean, hilketa bat ikusi eta gero Poliziak, ezkutatze aldera, komentu batera eramango duen emakume gaztea.

Soinu banda Alan Menken konposatzailearena da, eta soul, funk, gospel eta blues doinuak biltzen ditu. Zortzi Oscar sari irabazi ditu Menkenek.

Whoopi Goldberg bera da musika eta antzerkia batzen dituen show-aren ekoizlea. 2009an estreinatu zuten Londresko West Enden, eta, harrezkero, hamabi herrialdetan eraman dute oholtzara, zazpi hizkuntzatan.

Arriagara helduko dena, gaztelaniazkoa, 2014ko urrian estreinatu zuten, Bartzelonan.