Itxi

kultura

Ekainak 29 – uztailak 4

Bilboko kaleak agertoki handi bihurtuko ditu Kalealdiak

Agentziak | Erredakzioa

Arte eszenikoen 27 konpainiak, tartean Euskal Herriko zazpik, 70 emanaldi baino gehiago egingo dituzte hirian sei egunetan.

  • Deabru Beltzak konpainia izango da parte hartuko duten zazpi euskal taldeetako bat

    Deabru Beltzak konpainia izango da parte hartuko duten zazpi euskal taldeetako bat

“Kaleko arte eszenikoen nazioarteko esparruan punta-puntakoak diren 27 konpainiak” parte hartuko dute gaurtik, astelehenetik, uztailaren 4ra arte Bilboko hamaseigarren Kalealdian, Kaleko Antzerki eta Arteen Bizkaiko hiriburuko Jaialdian.

Orotara, 70 emanaldi egingo dituzte, ohi bezala, Zazpikaleen inguruan, eta, gainera, aurten, lehenengoz, karpa handi bat eta ikuskizunetarako eremu zabal bat izango dira Casilda Iturrizar parkean, artisten lanak hartzeko.

Orain arte bezala, ikuskizun guztiak doakoak izango dira, karpan egingo dituzten hiru emankizun izan ezik. Bi euroko prezioa jarriko diete emanaldioi, sinbolikoa, “zenbat jende sartzen den kontrolatzeko, 220 ikusleko muga baitago”.

Zazpi euskal konpainia

Edizio honetan parte hartuko duten 27 konpainietatik, zazpi Euskal Herrikoak dira, sei Estatuko gainerako lurraldeetakoak eta besteak Frantziatik, Belgikatik, Italiatik, Japoniatik eta Kenyatik etorriko dira.

Bilboko Kalealdiak kaleko arte eszenikoen euskal konpainien ekoizpen berrien andana bat erakutsiko du. Haatik Dantza Konpainiak, Markeliñek, Pez Limbok, Zanguango Teatrok eta Deabru Beltzak & Les Commandos Percu konpainiek eramango dituzte beren ikuskizunak Bilboko kaleetara.