Itxi

kultura

Antzerkia

'Marie de Jonghekook jo eta ke ari gara Avignonen'

Marie de Jongh

Avignon

Marie de Jongh konpainia Avignongo Off jaialdian dago, “Kibubu” lana aurkezten. Bertatik, horrelako jaialdi batean bizitakoak kontatu dizkigute.

“Ikuskizun zoragarria non animaliaren izaerak gizatasun sakonena azaltzen duen”. Irribarretsu eta emozioz blai eginda eskaini dizkigu hitz hauek Pascual Guttesman ikusle jatorrak gure emanalditik irten ostean.

Lotan geratu barik, Marie de Jongh jo eta ke ari gara Avignonen. Bero galdatan urtzeko zorian bagaude ere, festibalean jarraitzeko gogotsu dihardugu.

Poliki-poliki ari gara murgiltzen Offen dinamikan. Frantsesez ere bagabiltza; geure erara, jakina! Hilaren bukaeran avignondar peto-petoak izendatuko gaituzte.

Hiriaren taupadak sentitzen goazen heinean, familia eta gainerako publikoaz gain, Kibuburen magiaz liluratu nahi duten programatzaileekin ere hartu-emanetan gaude.

Aurrez aurreko kontaktua ezinbestekoa da; izan ere, guk geuk eta bertatik bertara azaltzen diegu ikusleei Théâtre Laurretteko ikuskizunaren nondik norakoak.

Bestalde, kalean jaialdiko telebistak elkarrizketatu gaitu. Gainera, Osmose irratiak ordu erdi eskaini digu Off 2015eko euskal konpainia bakarraren proposamena aurkezteko.

Beraz, kementsu jarraituko dugu Kibubu ikusi ez dutenak Pascual bezala hunkitu daitezen, Kibubu aurrez aurre gozatzeko aukera eduki dezaten.