Publizitatea
Itxi

2015/08/20

08:30

kultura

Jaiotzaren mendeurrena

Koldo Mitxelena, bizitza euskarari eta kulturari emana

E. GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Euskara batuaren oinarriak jarri eta EHUren sorreran parte hartu zuen euskal hizkuntzalari eta intelektual handiak. 100 urte bete dira gaur jaio zela.

1:52
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ezbairik gabe, euskarak eman duen nazioarte mailako hizkuntzalaririk garrantzitsuena da Koldo Mitxelena. 1915eko abuztuaren 20an Errenterian (Gipuzkoa) jaioa, Hiztegi Batuaren aita eta EHUren sortzaileetako bat izan zen Mitxelena, beste hainbeste merituren artean. Gaur dira 100 urte jaio zela.

Gazte-gaztetik igarri zitzaion etxean jarrita egoteko gizona ez zela. Gerra Zibilean boluntario joan zen, Euzko Gudarostearen batailoietan. Preso hartu eta kartzelan eman zituen hainbat urte. Itzalpean egondako urte horiek ondotxo baliatu zituen gazte gipuzkoarrak, orduan hasi baitzen hizkuntzalaritzan zaletzen eta hura ikasten. Gerora bere ibilbide akademikoan gako izango ziren kide asko kartzelan ezagutuko zituen. Rafa Mitxelena semeak Euskadi Irratiari esan dionez, "aitak beti esaten zuen, kartzelan zegoen garaian, hobe zen barruan egotea, kanpoan baino; besteak beste, lagun ugari zituelako eta asko ikasi zuelako". Espetxetik irtenda, klandestinitatean eman zituen urte batzuk, berriro atxilotu zuten arte.

1948an, aske geratu zenean, abiatu zuen bere ibilbide akademikoa, Madrilgo Unibertsitatean Filologia ikasketak egin eta Salamancako Unibertsitatean Larramendi katedra zuzendu zuen. Parisko Sorbona unibertsitatean ere aritu zen eskolak ematen.

Euskaltzaindiko kide zela (1952an izendatu zuten euskaltzain oso), Euskara Batuaren oinarriak ezartzeko egitekoa ipini zioten 1968an, beste inork baino "ikuspegi zabalagoa" baitzuen, Adolfo Arejita euskaltzainak Euskadi Irratiari aitortu dionez. Arejitaren aburuz, Mitxelenak oinarri akademikoa, intelektuala eta ikerkuntzaren sendotasuna eskaini zizkion Euskaltzaindiari. Orotariko Euskal Hiztegiari ere, behin betiko bultzada eman zion 1984an.

70koa EHUren sorreran parte hartzeko hamarkada izan zen Mitxelenarentzat. Sei libururen egile, euskararen atal askoren inguruko ikerketa sakon eta emankorrak eginikoa da Errenteriako filologoa: historia, fonetika, abizenak... 1978an hil zen Donostian.

Bere jaiotzaren mendeurrenean, ondo gogoan du Euskal Herriak, euskarari eta kulturari, oro har, egindako ekarpen garrantzitsu eta mamitsuengatik.

 

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Euskara
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena