kultura
Emmy sariak
'Game of Thrones', dramarik onena, eta 'Veep', komediarik onena
Agentziak | Erredakzioa
'Game of Thrones' telesailak bigarren aktore onenaren saria eraman du, baita zuzendaritza eta gidoi onenaren sariak ere. 'Modern Family'ren erregetzari amaiera eman dio 'Veep'en garaipenak.
-
'Game of Thrones' telesailaren aktore-multzoa. Argazkia: EFE
Emmy sarien 67. edizioan, arrakasta izan du 'Game of Thrones' telesailak; dramarik onenaren saria jaso du. 'Veep', berriz, komediarik onena izendatu dute. Bestalde, aurtengo zeremoniak Jon Hamm eta Viola Davisen garaipen historikoak utzi ditu. Aktore dramatikorik onenaren saria eman diete.
'Modern Family’ren erregetzari amaiera eman dio 'Veep'en garaipenak; izan ere, azken bost edizioetan hark eraman du saria.
Bestalde, zortzi aldiz hautagai izendatu ondoren, saria eraman du azkenean Hammek ('Mad Men'). “Hanka-sartze ikaragarria izan da hau, argi eta garbi. Gaur ni hemen egotea sinesgaitza eta ezinezkoa da”, adierazi du aktoreak Los Angeleseko (Kalifornia) Microsoft Antzokiaren taula gainean.
Gainera, Davis ('How to Get Away With Murder') Emmya kategoria horretan irabazten duen aurreneko emakume beltza izan da. “Aukerek emakume beltzen eta gainerakoen arteko aldea egiten dute”, esan du.
Era berean, 'Game of Thrones' telesailak bigarren aktore onenaren saria eraman du, baita zuzendaritza (David Nutter) eta gidoi onenaren sariak (David Benioff eta DB Weiss) ere. Dinklagek bigarren garaipena lortu du, bosgarren aldiz jarraian saria jasotzeko hautagai izan ondoren.
Uzo Adubak ('Orange is the New Black') bigarren emakumezko aktore onenaren saria jaso du, bigarren aldiz jarraian.