Itxi

kultura

Zinebi

Aki Kaurismaki Finlandiako zinemagileak jasoko du Ohorezko Mikeldia

E. Lotina | eitb.eus

Saria emateko ekitaldia azaroaren 20an izango da, Arriaga antzokian, amaierako galaren barruan.

  • Aki Kaurismaki Finlandiako zinemagileak. Argazkia: Zinebi

    Aki Kaurismaki Finlandiako zinemagileak. Argazkia: Zinebi

57. edizioa azaroaren 13tik 20ra ospatuko duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) Aki Kaurismaki zinemagile finlandiarrari emango dio edizio honetako bigarren Ohorezko Mikeldia, jaialdiak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

“Bere filmografia osoan erakusten jakin izan duen oso estilo pertsonala aintzatetsiz, bere irudietako bakoitzari ematen dion esanahi etiko eta estetiko sakonarengatik eta bere giza izaeraren behaketa sarkorrak erakutsi duen izaera lokal eta unibertsalarengatik” merezi du saria, epaimahaiaren ustez.

Saria emateko ekitaldia azaroaren 20an izango da, Arriaga antzokian, 20:00etan hasiko den amaierako galaren barruan.

Aki Kaurismaki (Orimattila, Finlandia, 1957), bigarren mailako ikasketak amaitu aurretik zazpi hiritan bizi izan zen klase ertaineko familia bateko lau seme-alabetatik hirugarrena da.

Akik eta Mikak, anaia txikiak, oso gaztetatik erakutsi zuten zinenarekiko interesa. Bi anaiek euren ekoizpen etxea sortu zuten: Villealfa Oy. Bi anaien lehenengo lana Gezurtia (Valehtelija, 1981) izan zen, Mikak zuzendu eta protagonista Aki bera zuen film ertaina. Film horrek lortu zuen arrakastak ibilbide profesionala hasteko aukera eman zion, literatura unibertsaleko lan klasiko baten moldaketarekin: Krimena eta zigorra (Rikos ja rangaistus, 1983).

Bi trilogia azpimarragarri

Opera prima arrakastatsu horren ondoren, zenbait komedia burugabe samar etorri ziren, bere estiloaren ezaugarririk nabarmenenetakoa bilakatu zen tonu kritiko eta sarritan espresionistarekin egindakoak, Calamari Union (1985) film luzea eta Rocky VI (1986) film laburra, besteak beste, bere ibilbide osoko lan azpimarragarrienetako bat, Itzalak paradisuan (Varjoja paratiisissa, 1986), sinatu aurretik.

Lan horrekin, Canneseko Zinemaldiko Zinemagileen Hamabostaldian eta Torontoko Nazioarteko Zinemaldian hartu zuen parte. Film hori, Proletariotzaren Trilogia izenekoaren lehenengoa izan zen, Moskuko Nazioarteko Zinemaldian saria lortu zuen Ariel (1988), eta Europako kritikaren txaloak jaso zituen, aho batez, Pospolo lantegiko neska (Tulitikkutehtaan tyttö, 1990) filmekin batera.

Leningradeko cowboyak Ameriketara doaz (Leningrad Cowboys go America, 1989) eta, batez ere, Canneseko Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen, eta bere Galtzaileen Trilogia berriaren bigarren lana den Iraganik gabeko gizona (Mies vailla menelsyyttä, 2002) lanekin lortu zuen mundu mailako zinema garaikidearen maisu aintzatespena. Trilogia hori osatzen duten beste filmak Laino iragankorrak (Kauas pilvet karkaavat, 1996) eta Argiak arratsaldean (Laitakaupungin, 2006) dira.