kultura
Urriak 10 eta 11
Xalbador Eguna ospatuko da Urepelen asteburuan
Agentziak | Erredakzioa
Urriaren 10ean eta 11n Urepelen egingo den jaian Ximun Ibarra Zubikoa eta Juan Joxe Eizmendi bertsolariak ohoratuko dituzte bereziki.
Xalbador Egunaren edizio berri bat ospatuko da Urepelen larunbat eta igandean, urriaren 10 eta 11an, eta aurten, Ximun Ibarra Zubikoa (Sunbilla, 1905 - Banka, 1979) eta Juan Joxe Eizmendi Errexil (Errezil, 1971 - Urruña, 1965) bertsolariak goratuko dituzte bereziki, Euskaltzaindiak jakinarazi duenez.
Omenduko diren bi bertsolariak Hegoaldetik Iparraldera gerratik ihesi joan ziren, eta oso maiteak dira bertsozaleen artean. Xalbadorrekin batera hainbat bertso saiotan izan ziren bere garaian, eta 1946tik aurrera Teodoro Hernandorena zenak antolatu zituen txapelketa askotan parte hartu zuten.
Larunbatean hasiko da euskal festa, Kalakan taldearen kantaldi batekin: Urepeleko elizan izango da, 19:00etan. Ondoren, 21:00etan, lagun arteko afaria izango da, aldez aurretik izenak eman dituztenentzat, Xendarineko ahizpak kantari direla tartean.
Igandean, 09:00etan hasiko den mendi ibilaldiaren ondoren, 10:30ean meza izango da, Xalbador eta Leoni, Zubikoa eta Errexil, eta aurtengo udan hil zen Emile Larre, eta beste bertsolari eta bertsolarien lagun asko gogoratzeko. 11:15ean, Zubikoa eta Errexil bertsolariei buruzko hitzaldi-mahai ingurua izango da, eta 11:30ean Bizkaiko Salatzaile dantza taldearen emanaldia, eta herri kirolak, Mutriku eta Donazaharreko taldeekin.
Ondoren, 14:00etako bazkari garaian Zuberoako kantarien saioa izango da, eta jarraian, beti bezala, bertsolariak: Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Juan Joxe Eizmendi eta Jose Luis Gorrotxategi. Erromeriarekin amaituko da festa aurten ere.
sta aurten ere.