Itxi

kultura

Urriak 10 eta 11

Xalbador Eguna ospatuko da Urepelen asteburuan

Agentziak | Erredakzioa

Urriaren 10ean eta 11n Urepelen egingo den jaian, Ximun Ibarra Zubikoa eta Juan Joxe Eizmendi bertsolariak ohoratuko dituzte bereziki.

Xalbador Egunaren edizio berri bat ospatuko da Urepelen larunbat eta igande honetan, urriaren 10ean eta 11n, eta aurten, Ximun Ibarra "Zubikoa" (Sunbilla, 1905 - Banka, 1979) eta Juan Joxe Eizmendi "Errexil" (Errezil, 1918 - Urruña, 1965) bertsolariak goratuko dituzte bereziki, Euskaltzaindiak jakinarazi duenez.

Bertan omenduko dituzten bi bertsolariak Hegoaldetik Iparraldera gerraren ihesi joan ziren, eta oso maiteak dira bertsozaleen artean. Hainbat bertso saiotan izan ziren bere garaian Xalbadorrekin batera, eta Teodoro Hernandorena zenak antolatu zituen txapelketa askotan parte hartu zuten 1946tik aurrera.

Larunbatean hasiko da euskal festa, Kalakan taldearen kantaldi batekin: Urepeleko elizan izango da, 19:00etan. Ondoren, 21:00etan, lagun arteko afaria izango da, aldez aurretik izena eman dutenentzat, Xendarineko ahizpak kantari direla tartean.

Igandean, 09:00etan hasiko den mendi ibilaldiaren ondoren, 10:30ean, meza izango da, Xalbador eta Leoni, Zubikoa eta Errexil, eta aurten udan hil zen Emile Larre eta beste bertsolari eta bertsolarien lagun asko gogoratzeko. 11:15ean, Zubikoa eta Errexil bertsolariei buruzko hitzaldi-mahai ingurua izango da, eta, 11:30ean, Bizkaiko Salatzaile dantza taldearen emanaldia, eta herri kirolak, Mutriku eta Donazaharreko taldeekin.

Ondoren, 14:00etako bazkari garaian, Zuberoako kantarien saioa izango da, eta jarraian, beti bezala, bertsolariak: Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Juan Jose Eizmendi eta Jose Luis Gorrotxategi. Erromeriarekin amaituko da festa aurten ere.

sta aurten ere.