Itxi

kultura

Inaugurazioa

Donostia 2016ren inaugurazio ekitaldi nagusia, urtarrilaren 23an

eitb.eus

Donostiak hainbat ekitaldi berezirekin emango dio hasiera Europako Kultur Hiriburutza urteari, eta Hansel Cereza artistari eskatu diote inaugurazio ikuskizun nagusia sortzea.

Donostiak hainbat ekitaldi berezirekin emango dio hasiera Europako Kultur Hiriburutza urteari. Hasiera ospatzeko prestatu den programak astebete iraungo du, urtarrilaren 18tik 24ra bitartean, eta inaugurazioko ekitaldi nagusia (urtarrilaren 23an egingo den ikuskizun masiboa) eta San Sebastian eguna hartuko ditu.

Inaugurazioko ekitaldi nagusia diseinatzeko, Hansel Cereza arte-sortzaileari deitu dio Fundazioak. Urtarrilaren 23an (larunbata), iluntzean, hiriaren erdialdean adin guztietako ikusleek gozatuko duten ikuskizun bisual bat egingo da, DSS2016EUren balioak irudikatzeko diseinatutakoa.

Hansel Cereza

Hansel Cerezak 30 urte baino gehiago darama lanean, eta berrikuntza eta adierazpen-proposamen berriak eman dizkio ikuskizunaren munduari. Bere lana talde-sorkuntzan oinarritzen da, eta hainbat adierazpen-joeraren eta moduren bidez esperimentatzeko grina duen talde-sortzailearen izaera ematen dio horrek. Bere ibilbide luzea 80ko hamarkadan hasi zen, Fura dels Baus konpainiaren fundazio-taldeko kide izan zenean. Konpainia horri lotuta egon da 20 urtez baino gehiagoz, arte-sortzaile eta antzezpen-zuzendari gisa.

Bere karrera luzean zehar, Hansel Cerezak dantza-, antzerki- eta zirku-emanaldiak eta ekintza komertzialak zuzendu ditu, baita nazioartean entzutetsuak izan diren ekintza erraldoiak eta inaugurazio-ekitaldiak ere. Antolatu dituen emanaldi nagusien artean dago Bartzelonako 1992ko Olinpiar Jokoak inaugurazio-ekitaldia. Cirque du Soleilek Las Vegasen aurkeztutako Love emanaldiaren sorkuntza-taldeko kide ere izan da.

2013an Oreka TX txalapartarien, Kalakan ahots-hirukotearen eta Kukai dantza-taldearen zuzendari izan zen dantza, musika, kantua eta herri-kirola uztartu zituen Herritmo ikuskizunean.

Urte berean, futbol munduan, Afrikako Kopa (Ekuatore Ginea) eta Ameriketako Kopa (Santiago) inauguratzeko zeremoniak zuzendu zituen, eta, aurten, orain dela gutxi, Milango Expoan, National Day of Kuwait ikuskizunaren arduradun ere izan da.

Inaugurazio-astea

Urtarrilaren 18tik (astelehena), hiriko kultur eragileek euren babesa emango diote inaugurazioari, horretarako diseinatutako ekintza bateratuen agendaren bidez. Kultur etxeek, kontzertu-aretoek, galeriek… ongietorria egingo diote kulturaren urte handiari, eta proposamen bereziak eskainiko dituzte.

Urtarrilaren 19ko gauean, danborren tarrapatarekin batera, Hiriburutzak eta herriko jai handiak bat egingo dute ekitaldi berean. Haurren danborradan konpainia berri bat izango da: lehenengo aldiz, beste hiri bateko, 2016an Donostiarekin batera Europako Kultur Hiriburua izango den Poloniako Wroclaw hiriko, neska-mutilek bat egingo dute haurren danborradarekin, Sarriegiren konposizioen erritmora.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena