kultura
18. urteurrena
Guggenheim Bilbao Museoak adingabea izateari utzi dio
eitb.eus
Frank Gehryk diseinatutako eraikin ospetsuak 18 urte bete ditu. Museoa ireki zenetik eraldaketa sozial eta ekonomiko ikaragarria izan du Euskadik.
-
Guggenheim Bilbao Museoa. Artxiboko irudia: EiTB
Euskadiren eraldaketa sozial eta ekonomikoa ekarri zuen museoa zabaldu zutenetik 18 urte pasatu dira dagoeneko. Guggenheim Bilbao Museoak 18 urte bete ditu, eta adingabea izateari utzi dio.
Urteurrena ospatzeko, ekitaldiak egiten ari dira iragan ostiraletik. Musika eta artea uztartzen ari dira, bereziki gazteei begira dauden ekitaldiekin. Urriaren 24 eta 25ean, larunbat eta igandean, berbarako, doan sartu ahalko da museoan.
Frank Gehryk diseinatutako eraikin ospetsuak 18 urte bete ditu, eta publiko gazteari bideratutako ekitaldi-sorta batekin ospatzen ari da. Besteak beste, Bilboko Street Artek ibilbide bat prestatu du.
Historiako udarik onena
Ez dute aparteko ospakizunik prestatu, baina museoak eragin duen eraldaketa alde batera uzterik ez dago. Iragan uda historiako onena izan da. Museoak ia 350.000 bisitari hartu ditu; horietatik ia % 70, atzerritarrak.
Abuztuaren 4an ia 8.000 pertsona sartu ziren museoan. Gainera, Guggenheim Fundazioarekin duen aliantza 20 urte luzatzea adostu zuten iaz eragileek akordio berri bat sinatuta.
Esan bezala, 18. urteurrena ospatzeko ekitaldiak iragan ostiralean hasi ziren, eta urriaren 25ean, igandean, bukatuko dira.