Itxi

kultura

95 urte zituen

Maureen O'Hara aktore irlandarra hil da

Agentziak | Erredakzioa

50 film baino gehiagotan parte hartu zuen, gehienak zuri-beltzezkoak, eta 2000. urtera arte aritu zen jardunean.

  • Maureen O'Hara 2004an. Argazkia: EFE

    Maureen O'Hara 2004an. Argazkia: EFE

Maureen O'Hara aktore irlandar mitikoa 95 urte zituela hil da. Lotan zegoela hil da, bere familiak ohar baten adierazi duenez. Zinearen Urrezko Garaiaren parte izan zen aktorea, eta, besteak beste, pelikula hauengatik egin zen ezaguna: How green was my valley, Sinbad, the sailor edo The quiet man. Aurten, ohorezko Oscarra jaso zuen, bere ibilbidea saritze aldera.

Besteak beste, ile gorri gartsua zeukalako izan zen ezaguna. Maureen FitzSimons zuen benetako izena, baina O'Hara abizena hartzea erabaki zuen, eta izen horrekin ekin zion aktore-ibilbideari, Alfred Hitchock zuzendari hasiberriaren agindupean egindako Jamaica Inn filmean.

John Wayne aktorearen eta John Ford zuzendariaren laguna

1939an Esmeralda ijitoarenak egin zituen Victor Hugoren liburu ezagun batean oinarritutako The hunchback of Notre Dame filmean. Lan horren bidez lortu zuen arrakastara jauzi egitea. Urte horretan bertan John Wayne ezagutu zuen, eta bizi guztian iraun zuen adiskidetasuna izan zuen harekin.

1941ean, John Ford zuzendari handiak How green was my valley lanean egoteko hautatu zuen. Pelikula horrek bost Oscar sari bereganatu zituen. Hala ere, eta nahiz eta aintzatespen ugari jaso bere ibilbidean zehar, ez zuen sekula Hollywood akademikoen oniritzia lortu, eta ez zuten inoiz Oscar sarietarako hautagaien artean hautatu. Alabaina, 2015ean,  ohorezko Oscarra eman zioten, bere bizitzako osoko aktore-lanaren omenez.

Forden aktore kuttunetakoa izan zen, eta hura Hollywooden izan zuen lagun minetakoa izan zen O'Hararentzat. Haren zuzendaritzapean egon zen Rio Grande eta The quiet man filmetan, eta azken hori dela medio, beti egongo da presente zinemaren historian.

O'Harak 50 pelikula baino gehiagotan parte hartu zuen, gehienak zuri-beltzezkoak, eta 2000. urtera arte aritu zen jardunean.