kultura
Azaroaren 5ean salgai
'Los caprichos de la suerte', Barojaren azken eleberria, argitara
Agentziak | Erredakzioa
Azaroaren 5ean plazaratuko dute, eta 15.000 ale izango ditu lehendabiziko tiradak.
-
'Los caprichos de la suerte', Barojaren azken eleberria argitara. Argazkia: EFE
Kultura zorioneko dago argitaratzeke zegoen Pio Barojaren azken eleberria plazaratuko baitute azaroaren 5ean. Los caprichos de la suerte du izenburutzat, eta altxorraren pare zegoen gordeta Itzean, Baroja sendiak Beran (Nafarroa) duen familiarteko etxean.
Los caprichos de la suerte lanaren 15.000 aleko tirada kaleratuko du Espasak hasiera batean, eta Jose Carlos Mainer literatura kritikariaren aitzinsolasak jantziko du. Eleberria gerra zibilean dago girotuta, eta 1950. eta 1951. urteen artean idatzi zuen El árbol de la ciencia liburuaren egileak.
Pio Barojak Las saturnales izenarekin bataiatu zuen eleberri-sorta bateko hirugarrena da. Liburuko protagonista Luis Goyena da (idazlearen alter egoa), gerra garaian Madrildik ihes egin zuen kazetaria, Cuencatik Valentziara pasatu eta handik Parisera iristeko. Behin Parisen, zalantza egin zuen Amerikara jauzi egin ala ez.
"Argitaratzeke zegoen Barojaren azken eleberria da. Dagoeneko ez dago literatura material gehiago, azalpen biografiko, saiakera edota zenbait idazki solte kenduta, apurka-apurka azaltzen joango direnak", esan dio Efe agentziari Pio Caro-Barojak, idazlearen bilobak.
"Eleberri hau nire osaba-aitita 1949an idazten hasi zen Las saturnales izeneko trilogiaren hirugarren alea da. Lehendabizi El cantor vagabundo atera zen, eta, ondoren, Miserias de la guerra 2006an. Ezin izan zen aurretik argitaratu, ez baitzuen Frankismoaren zentsura gainditu, eta nire osabaren heriotzaren 50. urteurreneko ospakizunekin batera plazaratu zen", azaldu du.
Eleberriak Pio Barojaren testigantza zuzena jasotzen du, Luis Goyena y Elorrioren bidez: egilea bezala, medikua da, Filosofia eta Letretan lizentziaduna eta kazetaria lanbidez.