kultura
Abenduaren 8tik aurrera
'Shrek'ek eta 'Madagascar'ek Euskalduna argituko dute Gabonetan
eitb.eus
“Shrek”, “Madagascar” eta “Kung Fu Panda” filmetako 140 pertsonaiaren irudiak ikusi ahalko dira Bilbon, abenduaren 8tik otsailaren 14ra, “Lights, un mundo iluminado by DreamWorks” erakusketan.
Dreamworks Steven Spielbergek 1994an sortutako ekoiztetxeak asmatutako pertsonaia ezagunenek argituko dituzte Gabonak Bilbon, "Shrek", "Madagascar" eta "Kung Fu Panda" filmetako pertsonaiek hartuko baitute Euskalduna Jauregia hiru hilez. "Lights, un mundo iluminado by DreamWorks" erakusketa abenduaren 8tik otsailaren 14ra egongo da ikusgai.
Erakusketak Bilbon hasiko du Europako bidea, Ameriketako hainbat hiritan arrakastaz ibili eta gero. 2.000 metro koadro hartzen ditu 20 eszenatan 140 figura erakusten dituen sortak.
Irudiak Zi Gongeko txinatar artisauek egin dituzte, banan-banan, Txinatarren urteberri eguneko Argiontzien Jaialdiko lanetako asko egiten dituzte sortzaile trebeok. Bilbon ikusiko diren irudiak alanbrezko egitura bat dute oinarrian, zetaz jantzia, eta led argi batzuk dituzte barruan, fantasiazko unibertso argi bat marrazteko.
Sarrerak salgai daude dagoeneko, eta Euskalduna Jauregiko leihatiletan, Kutxabanken kutxazinetan edo Interneten eros daitezke.
width="600" />