Itxi

kultura

Palmaresa

'Cool Cats'ek irabazi du Dock of the Bayko sari nagusia

eitb.eus

Musikari buruzko film dokumentalen Donostiako jaialdian Kanbodiako rockaren eta Rumba Tres taldearen inguruko lanak, “Sonido Pamplona” eta “La muerte en la Alcarria” ere saritu dituzte.

Donostiako Musika Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiak zortzigarren edizioko palmaresa iragarri du.

Cintia Gilek, Felipe Cabrerizok, Javier Rebollok, Jordi Costak eta Ingrid Guardiolak osatutako epaimahaiak Dock of the Bay saria “Cool Cats” (Danimarka, Janus Koster-Rasmussen) lanari ematea ebatzi du, “8 milimetroko zinema material txundigarri argitaragabea berreskuratzeagatik, etxeko edertasun kutsuaz betetako irudiak erakusteagatik eta jazz munduko bi pertsona handiren erretratua desmitifikatzeagatik”.

Halaber, bi aipamen berezi ere egin dituzte, “Don’t Think I've Forgotten Cambodia's Lost Rock&Roll”i (John Pirozzi, AEB) “musika eta dokumental material zabal baten berreskuratze entziklopedikoa egiteagatik eta abestien bitartez herrialde baten gizarte eta politika garapenaren eta bere zaurien arteko harreman gaiztoa azaltzeagatik” eta “Rumba Tres, de ida y vuelta”ri (Espainia, Joan Capdevilla–David Casademunt) “izaera camp eta arima desinhibitu eta zintzoagatik, eta nahita ahanzturara kondenatuta herri kultura espainiarra berreskuratzeko helburuan telebista erreportajetik haratago joateagatik”.

Halaber, “Sonido Pamplona” Beatriz Echeverriaren lanak Sade saria eta 1.000 euro jasoko ditu.

Dock of the Bayko ikusleek, beren botoekin, Lehiaketarako Saileko musika dokumental onena aukeratuko dute, emanaldi guztiak amaitutakoan. Sari banaketa bihar, hilak 16, egingo dute Antzoki Zaharrean, 22:00etan. Horren ostean, “B-Movie Lust&Sound in West-Berlin” pelikula emango dute.