kultura
Urtarrilak 20
Jose Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirre 'heroiak', Arriagan
eitb.eus
Arriagak “Heroiak” estreinatuko du asteazkenean, urtarrilak 20. Aktoreok gerra beteranoena egiten dute “Le vent des peupliers” Gerald Sybleyras dramagile frantsesaren lanaren euskarazko bertsioan.
Asteazkenean, urtarrilaren 20an, Arriaga Antzokiak Heroiak Txalo Produkzioak etxearen azken lanaren erabateko estreinaldia jasoko du. Jose Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirre izango dira Agirrek berak egin duen Le vent des peupliers (Haizea makaletan) Gerald Sibleyras dramagile frantsesaren jatorrizko lanaren euskarazko bertsioko hiru “heroiak”.
Hainbat herrialdetan kritikaren eta ikus-entzuleen aldetik harrera bikaina jaso du antzezlanak, eta orain euskaraz estreinatuko da, Begoña Bilbao Lejarzegiren zuzendaritzapean. Asier Sancho Senosiainek egin du horren eszenografia zaindua, eta Cristina Martinezek hartu du bere gain jantzien diseinua.
"Oso istorio gizatiarra eta erabat dibertigarria da, barre egiteko modukoak ez diren azpi-doinuak ezkutatzen baditu ere", Bilboko antzokitik azaldu dutenez. Abiapuntua hau da: gerrako hiru beterano borrokalari ohi egoitza batean daude. Enrique herrena da, Gustavok agorafobia du eta Felipek zorabioak ditu, buruan metraila zati bat baitu.
Une jakin batean, hiru “heroiek” egoitzatik ihes egitea erabakiko dute. Baina, nora? Indotxinara? Gertu dagoen herri batera? Edo makalen artean haizeak gogor astintzen duen mendi tontorrera?
Sarrerek 7 eta 18 euro arteko prezioa dute, eta Antzokiko txarteldegian eta webgunean daude salgai.