kultura
“Síndrome de Estocolmo”
Jaia, agertoki gainetik eserlekuetara
Natxo Velez | eitb.eus
Bufalo Pordukzioak ekoiztetxeak sei sortzaile oso ezberdin agertoki gainera igo eta “antiperformace"rako gonbita egiten du. Leioan taularatuko dute “Síndrome de Estocolmo”, ostiralean, hilak 22.
-
Valerie Tasso idazleak, "Diario de una ninfomana"ren egileak, ikuskizunean parte hartuko du.
Ana Arias eta Arrate Etxebarria aktoreak, Ivan Ferreiro eta Zahara musikariak, Jon Maia bertsolari eta idazlea eta Valerie Tasso idazle eta sexologoa, “Diario de una ninfomana”ren egilea, “mahai baten bueltan biltzera” gonbidatu ditu Unai Garate “Sindrome de Estocolmo” ikuskizunaren zuzendariak.
Hori da abiapuntua. Hortik aurrera, sei sortzaileok atertu gabe aritzen dira komunikazioan, ados zenbaitetan eta desadostasun erabatekoak beste batzuetan, "identitate" kontzeptutik abiatuta, hitza, musika edo balekotzat jotzen duten edozein adierazpide erabiliz.
Kultur Leioa Bizkaiko herriko eraikineko auditoriumera eramango dute ikuskizuna ostiral honetan, hilak 22, 20:30etik aurrera. Sarrerak 15 euroan daude salgai.
Unai Garaterengana jo dugu, “Sindrome de Estocolmo”ren ingurukoak ale diezazkigun.
Zergatik aukeratu dituzue sei sortzaile hauek? Zeren bila jo duzu haiengana?
Bakoitzaren bertuteak baino gehiago, seiek osatzen duten taldea da mamia, nire ustez. Seiak mahai baten inguruan batzea beharrizana zen. Talentu handiko pertsonak dira, umorera asko jotzen dutenak, eta, nola ez, bihotz handikoak.
Gizatasun edo humanitate handia gordetzen dute.
Zergatik “Stocholmeko sindromea”ren izena?
Askotan gertatzen den bezala, izenburuak ez du zertan ezer kontatu.
Stockholmeko sindromedunak gara denok, neurri batean: gustatzen ez zaigunarekin bueltaka ibiltzen gara, eta gauza arraro batek ere sortu ahal digu enpatia.
Baina, badiogu, Bufalo Produzkioak ekoiztetxean, muntaia sortu dugunontzat, izenak ez du aparteko garrantzirik. Elkar ulertu dugu, eta bat etorri gara, hitzak erabili barik, “Sindrome” izenburuarekin.
"Sindrome de Estocolmo"ren emanaldi bat, iazko Gutun Zuria jaialdian
Zer du ikuskizunak inprobisaziotik eta zerk erantzuten dio gidoiak proposatukoari?
Gidoia badago, noski, eta ardatza, gai nagusia, “identitatea” da. Dena den, “Sindrome”ren saio bakoitzak bere izaera, egitura, erritmo, eta baldintzak ditu.
Sei gonbidatuek ez dute inoiz jakiten zehazki zer gertatuko den eta egoerak nora joko duen, edo ikusleek zein neurritan hartuko duten parte,... Gidoia badago, baina jokaldi osoa ez zaie erakusten.
Ikuskizunaren ariman, oso garrantzitsua da “hemen eta orain” kontzeptua, ez maite dugulako, baizik eta horrela sortu dugulako. Dena gertatzen da bat-batean: gonbidatuek muntaiaren nondik norakoak jasotzen dituzte eta dibertitzen dira, eta eurak izaten jakin behar dute, hori da erronka.
Askotan, kulturaren munduan dihardutenek erakusten duten itxura serio eta elitista hori guztiz ezabatzen da “Sindrome”n, eta pertsonen kezka eta istorio arruntak azalarazten dira.
Hori da “Sindrome de Estocolmo”, antiperformancea, itsasgoran gertatutako emozioen parrillada bat.