Itxi

kultura

Sarrerak, agortuta

Haurtxoentzako kontzertua Kursaalen

Maider Beistegi | EITB.EUS

'Pasadas las 4' konpainiak 'Ploc, Ploc Plik!' lanarekin ekingo dio gaur, 17:00etatik aurrera, Musika Familia zikloari, Kursaal Eszenaren denboraldi berrian.

  • Haurtxoentzako kontzertua Kursaalen, 17:00etatik aurrera

    Haurtxoentzako kontzertua Kursaalen, 17:00etatik aurrera

Entzun al duzu inoiz uraren soinua eskegitako arropatik erortzen denean? Zer erritmo ezkutatzen dituzte loredun soineko baten tantek? Zer nolako melodiek ihes egiten dute marradun galtza batetik? Eta adur-zapi batetik eroritako ur-tanta bakarra Lurraren azpian galduko balitz? Halako zerbait gertatuz gero, munduaren amaieraraino joan beharko genuke hura bilatzera…Galdera eta erantzun horiek abiapuntu hartuta abiatuko da gaur, Kursaalen, 0 eta 3 urte bitarteko haurtxoei zuzendutako antzerki-kontzertua.

'Pasadas las 4' konpainiak 'Ploc, Ploc Plik!' lanarekin ekingo dio Musika Familia zikloari, Kursaal Eszenaren denboraldi berrian.

Astor Piazzola, Luigi Boherini, Jacques Offenbach eta Maurice Ravel musikagile handien lanak interpretatuko dituzte Francesca Di Nicolak (harpa), Helene Billardek (flauta), Anthony Lafarguek (perkusioa) eta Belen Otxotorena eta Inma Gurrea aktoreek.

Antolatzaileek azaldu dutenez, bi emanaldi egingo dituzte, 17:15ean eta 18:30ean, 0tik 3 urte bitarteko haurtxoei zuzenduta. Sarrera guztiak agortuta daude.