Itxi

kultura

The Boss, Anoetan

Springsteen Donostian ikusteko sarrerak, salgai

EITB.EUS

Saren bakarrik erosi ahal dira The Boss Anoetan ikusteko txartelak. Europako beste hiri batzuetan, berehala agortu dira.

Bruce Springsteenen euskal zaleek iltzatuta zuten hitzordua heldu da: martxoaren 4a, 10:00etatik aurrera. Salgai daude dagoeneko 'The Boss'ek Donostian, maiatzaren 17an, eskaini behar duen kontzerturako sarrerak. Interneten bakarrik daude eskuragai, gainera.

Bruce Springsteen and The E Street Band taldeak Anoetako belodromoan eskainiko du Estatuan The River Tour 2016 biraren aurkezteko egin beharreko hiru kontzertuetatik bat. Aurrekoetan gertatutakoa kontuan hartuta, ordu gutxiren buruan bukatuko dira sarrerak. Bartzelonako ikuskizunerako (maiatzaren 14rako dago aurreikusita), egun batean 60.000 sarrera saldu dituzte, Doctor Musicek jakinarazi duenez.

Bartzelonako kontzerturako bezala, Donostiarako sarrerak webgune hauetan bakarrik erosi ahal dira: doctormusic.com, ticketmaster.es, fnac.es, carrefour.es eta halconviajes.com. Kontzertua eserita ikusteko sarrerak 65 eta 115 euro arteko prezioan daude, eta emanaldia pistan zutik ikustekoak 80 euroan ("banaketa gastuak" gehitu behar zaizkie prezio horiei), eta 6 txartel hartu ahal dira erosketa bakoitzeko.

Antolatzaileek ohartarazi dutenez, "asko dira kontzertuetarako sarrerak data ofiziala baino lehen edo sarrerak agortuta daudenean eskaintzen dituzten webguneak. Ez dute inongo bermerik eskaintzen, eta zenbaitetan, existitzen ez diren sarrerak saltzen dituzte". Hori horrela, tiketak baimendutako bost webguneetan erosteko gomendatu dute, plataforma horietatik kanpo iruzur baten biktima izateko arriskua baitago.