kultura
Letren nazioarteko jaialdia
Gutun Zuriak, krimena eta delitua hizpide bederatzigarren edizioan
N.V. | eitb.eus
Azkuna Zentroan apirilaren 19tik 24ra egingo duten jaialdian Davia Maraini, Ernesto Mallo, Jon Alonso, Jon Arretxe eta beste hamaika idazle eta sortzaile elkartuko dira.
-
Jon Arretxe idazleak parte hartuko du, besteak beste, Gutun Zurian
Azkuna Zentroak Gutun Zuria Letren Nazioarteko Jaialdiaren IX. edizioa hartuko du apirilaren 19tik 24ra, krimenaren eta delituaren gaiak ardaztzat dituela.
Gutun Zuriak berezko dituen egileen elkarrizketa tradizionalez gain (besteak beste, Sergio González, Rodrigo Rey Rosa eta Garbiñe Ubeda idazleek parte hartuko dute), Azkuna Zentroak beste hainbat jarduera antolatu ditu: zinema-zikloa (“Missing”, “Gomorra”…), “Stockholmeko sindromea” zuzenezko talk show-a eta Ruper Ordorikaren errezitaldi kontzertua. Edizio honetan, gainera, arte garaikidea ‘La casa del vacío’k diseinatutako ‘Milorria’ instalazioaren bidez ordezkatuta egongo da.
Apirilaren 19an, “Jarraitasuna” Kukai dantzaren ikuskizunaren ondoren, Sergio Gonzalezek (Mexiko Hiria, 1950) irekiko du jaialdia, eta beste idazle hauen hausnarketak entzun ahalko dira: Dacia Maraini (Florentzia, 1936); Ernesto Mallo (La Plata, Argentina, 1948), Argentinako diktaduraren krimenak kontatzeko fikziozko pertsonaia bat sortu duena; Rodrigo Rey Rosa (Guatemala 1958), eleberrietan Guatemalako etnia maien aurkako genozidioa gauzatu zutenen inguruko dokumentuak eta izenak sartu dituena; eta Ricardo Menéndez Salmón. Halaber, Jon Alonso, Garbiñe Ubeda eta Jon Arretxe idazleek bederatzigarren Gutun Zuria jaialdiko gaia euskarazko literaturan nola agertzen den erakutsiko dute.
Egitarauaren barruan, Ruper Ordorikak “Izkiriaturik aurkitu ditudanak” musika-errezitaldia taularatuko du, kantatutako poema eta abesti bihurtutako olerkiekin.
Halaber, Loraldia jaialdiarekin elkarlanean, “Poeta gorri horiek” errezitaldia izango da. Mikel Markezek, Arkaitz Minerrek eta Karlos Panerak Aresti, Otero, Zelaia eta Figueroaren poemak errezitatuko dituzte bertan.
/p>