kultura
BISITA GIDATUAK
Getxok Punta Begoñako Galerietarako ibilbide berria estreinatu du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Urte honetako bisitak Galerien materialek eta hauen egitura izango dituzte hizpide. Ikustaldiak doakoak dira eta ordutegi, talde, egun eta hizkuntz ezberdinetan antolatu ahal izango dira.
-
Bisitaldietan eraikuntzan atzeman dituzten arazoak azalduko dira. Argazkia: Liher Puente
Getxoko (Bizkaiko) Udalak eta EHUk Punta Begoñako Galerietarako bisitaldien ibilbide berria aurkeztu dute asteazken honetan. Publikora zabalduko dituzte ostegunetik aurrera eta urriaren amaierara arte.
Bisitaldien tarte berrian, proiektuan lan egiten duten EHUko ikerketa taldeen galeriak aurkeztuko dira.
Aurtengo bisita gidatuen hitzaldiek bi ardatz nagusi izango dituzte: alde batetik, aintzinean Galeriak eraikitzeko erabili zituzten materialen identifikazioan eta ezagupenean. Bestetik, eraikuntzaren egonkortasuna, jasan dituen kalteak eta zaharberritzerako aurreikusitako neurriak.
Bisitarientzako eremu berri bat irekiko da aurten. Bertan, EHUko ikertzaileek identifikatutako arazoak azalduko dituzte. Era berean, Galeriak dituen arazoak atzemateko erabili dituzten metodologiak eta horiek konpontzeko neurriak ere argituko dituzte.
Izen-emate prozesua
Iaz bezala, bisitaldietan parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik Getxoko Udalaren webgunean edo Turismo bulegoan izena ematea. Bisitaldiak doakoak dira eta gehienez jota 20 pertsonetako taldeetan antolatu ahalko dira, asteartetik igandera, euskaraz edo gazteleraz, eta ordutegi ezberdinetan.
Ordutegiak, datak eta hizkuntzak begiratu ahal izateko, Getxoko Udalak erabilera errazeko aplikazio bat zabaldu du webgunean. Izen-emateak martxoaren 3tik aurrera jarri zituzten abian, eta bisita gidatuetarako aurreikusitako taldeak bete ahala gehiago antolatzen joango dira, urrira arte.