kultura
Esto no es Rock Radical Vasco
La Polla, Eskorbuto eta Kortatu taldeen omenezko kontzertua, Bilbon
eitb.eus
"Esto no es Rock Radical Vasco" kontzertu-birak geldialdia egingo du, apirilaren 9an, Bilboko Santana 27 aretoan.
Gasteizko, Bermeoko, Iruñeko eta Donostiako lau emanaldi arrakastatsuen ondoren, La Polla, Eskorbuto eta Kortatu taldeen omenezko kontzertua Bilbora helduko da, apirilaren 9an. Izan ere, “Esto no es Rock Radical Vasco” kontzertu-birak talde horien abesti ezagunenak gogoratzea du helburu.
Horretarako, Hijos de tu Iglesia (La Polla), Los demenciales acelerados (Eskorbuto) eta Aizu! (Kortatu) taldeak igoko dira oholtza gainera, Bilboko Santana 27 aretoan. Zuzeneko emanaldia emateaz gain, diskoetako portadak, kartelak edota 80ko hamarkadako euskal gizartearen inguruko irudiak erakutsiko dituzte.
Euskal Herriko Rock Erradikala musika estilo desberdinak biltzen zituen mugimendua izan zen. “Esto no es Rock Radical Vasco” ekimenak euskal talde historikoak omenduko ditu, mugimendua sortu eta 30 urtera.
Oraingo honetan, Josu Korkostegik ezin izango du ikuskizuna aurkeztu, familia kontuak direla eta, eta, haren ordez, Txemi Arbaiza aurkezlea izango da, Bugatti eta Negracalavera musika taldeen kidea.