kultura
“Ligonomics”
Ekonomia, biñetetan azalduta
eitb.eus
Guillermo de Haro Ekonomiako bilbotar irakasleak komikiaren mintzaira erabili du, bere eskoletan ekonomia kontzeptu aldrebesak azaltzeko erabilitako adibide ulerterrazak zabaltzeko.
Hainbat ekonomia sistema, behien eta garagardoaren bidez azalduta; Harry Potterren eta Voldemorten arteko desparekotasuna, Giniren koefizientearen ikuspegitik ikusita… Guilllermo de Haro Ekonomiako bilbotar irakasleak benetako ekonomiaren nondik norakoak, "tabernan edo supermerkatuan egunero bizi dugun horren ingurukoak", azaltzen saiatu da "Ligonomics" lanaren 16 kapituluetan, Marcelo "Mache" Gonzalezen eta Ramon Lopez Cabreraren marrazkien laguntzaz.
Eskolan hainbat karreratako ikasleei Ekonomia arloko kontzeptu lausoak azalduz hartutako eskarmentua baliatu du De Harok, lanean, gure bizitzan eta agertoki publikoan (telebistako eztabaidetan hitzetik hortzera ibiltzen dituzte solaskideek, Siriako gerra edo tabernen terrazetan sortzen den zarata ez ezik, BPGa, bankuen nazionalizazioa edo defizit publikoa ere) berebiziko garrantzia duten kontuak modu gozagarrian azaltzeko.
Egilearen hitzetan, "Ligonomics"en bi zati "ezberdindu baina lotu" daude. Lehenengo atalean, launa orriko 16 kapituluko komiki bat dago, eta, berorretan, ekonomia zer den, kostu marjinala zergatik den garrantzitsua edo zor nazionalari nola aurre egin jorratzen da.
Bigarren atalean, komikiaren atal bakoitzaren inguruko azalpenak daude, testu jarraitu banatan, ikuspegi eta tonu berarekin egindakoak. Guztira, 96 orriko lana da, 25x17 cm-ko formatuan, eta komikia zuri-beltzezkoa da.
Crowdfundinga
Lana kaleratzeko beharrezko zituen 4.000 euroak apirilaren 8an bukatuko den finantzazio komuneko kanpaina baten bidez bildu ditu De Harok.
ditu De Harok.