Itxi

kultura

Inkesta

15 eta 29 urte arteko euskal gazteen % 54k plazeragatik irakurtzen du

Agentziak | Erredakzioa

Gainera, hamarretik bik jarduera artistiko gisa idazten du.

Euskadin 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 54k plazera dute irakurtzeko arrazoi nagusia; bestalde, hamarretik bik jarduera artistiko gisa idazten du. Hala islatzen da Gazteen Euskal Behatokiak, apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna dela-eta, 1.500 gazteri egindako inkestako emaitzetan.

Gauzak horrela, gazteen % 54k dio inkesta egin aurreko azken hilabetean libururen bat irakurri duela denbora pasatzeko (lana edo ikasketak direla-eta irakurri ahal izandakoez aparte).

Izan ere, eguneko eginbeharrekin lotuta ez dauden liburuak irakurtzea ohikoagoa da gazteen artean Euskadiko biztanleria osoan baino (% 42, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak, 2014-2015eko "Kultura-ohiturei eta praktikei buruzko inkesta"n jakitera emandako datuen arabera).

Emakume gazteen artean ohikoagoa da denbora pasatzeko irakurtzea, gizon gazteen artean baino (% 60 eta % 49, hurrenez hurren), nahiz eta nesken artean ehuneko pixka bat jaitsi den 2012an eginiko ikerketatik hona eta mutilen artean, aldiz, igo.

15 eta 19 urte bitartekoen taldea da bilakaerarik positiboena izan duena 2007tik hona. 2007an datu eskasenak zituzten (% 36 baino ez) eta 2016an, aitzitik, 20 urtetik gorakoen portzentajeak baino altuagoak (% 58, hain zuzen ere).

Idazketa jarduera artistiko gisa

Gazteen % 21ek dio azken urtean idatzi dutela, idazkera jarduera artistikotzat hartuta eta ez eginbehar gisa. Azken urteetan idazten dutenen ehuneko asko handitu da eta orain bost gaztetik batek idazten du.

Adinaren arabera desberdintasunak daude eta berriro ikus daiteke 15-19 urte bitarteko taldekoak nabarmentzen direla, horiek baitira proportzio handienean idazten dutenak (% 26).