Itxi

kultura

Bederatzi hautagai

Gaur ebatziko dute Vianako Printzearen 2016ko saria

Agentziak | Erredakzioa

Saria emateko ekitaldia maiatzaren 28an izango da, Erriberrin. Besteak beste, Alfredo Sanzol, Helena Taberna, Isabel Villanueva, Maria Amor Beguiristain eta Jose Lainez daude hautagaien artean.

  • Helena Taberna da hautagaietako bat

    Helena Taberna da hautagaietako bat

Nafarroako Kultura Kontseiluko kideak gaur, apirilak 29, bilduko dira, Kulturaren Vianako Printzearen 2016ko saria nork eramango duen ebazteko. Kontseiluko kideek hautagai hauek aurkeztu dituzte: Alfredo Sanzol antzerkigilea, Helena Taberna zinemagilea, Isabel Villanueva biola-jotzailea, Maria Amor Beguiristain arkeologo eta etnografoa, Jose Lainez eta Concha Martinez koreografo bikotea eta IPES kultur elkartea.

Bestalde, Plaza de la Cruz Institutuko Hizkuntza eta Literatura Departamentuak Ignacio Aranguren irakaslea proposatu du; Peña Pregón kultura elkarteak, Miguel Echauri margolaria; eta UNESCOren Lagunen Elkarteak, Pello Salaburu filologoa, Nafarroako Gobernuak ohar batean azaldu duenez.

Nafarroako Kultura Kontseiluaren bilera 10:00etan hasiko da, Nafarroako Jauregian, eta, hautagaitzak aztertutakoan, irabazlea nor izango den ebatziko dute bertan. Bilera bukatu eta berehala jakinaraziko dute haren izena, prentsaurrekoan.

Saria

Saria emateko ekitaldia maiatzaren 28an egingo dute, Erriberrin, Errege Jauregian. Gero, Kultura Zuzendaritza Nagusiak saridunarekin batera lan egingo du, haren lana zabaltzeko proiektu batean.