Itxi

kultura

Zirkua

'Lurrak' zirku garaikideko ikuskizuna ekainean estreinatuko dute

N.V. | eitb.eus

Formatu handiko ikuskizun hau Bilboko eta Gasteizko udalek ekoitzi dute. Bost aktore eta lau musikari arituko dira zuzenean emanaldi bakoitzean.

1:19

“Lurrak” euskal zirku ikuskizun garaikidea estreinatzeko eguna gero eta gertuago dago. Haren ekoizleek, Bilboko eta Gasteizko udalek, argitu dutenez, ekainean estreinatuko dute Adrian Schvarzstein clown eta zirkuko eta antzerkiko zuzendariak sortutako lana.

Hain zuzen, Gasteizko KALDeARTE Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldian eta Bilboko Kalealdia jaialdian estreinatuko dute ikuskizuna, ekainaren 10ean eta 27an, hurrenez hurren. Kaleko arteen bi jaialdiok irekiko dituen lana izango da, gainera.

Bost aktore eta lau musikari arduratuko dira “nolakotasunari eta tamainari begira Euskal Herriko eszena garaikidean aurrekaririk ez duen ikuskizuna” taularatzeaz, horren aurkezpenean azaldu dutenez: “Formatu handiko ekoizpena da, bai arlo teknikoari dagokionez, baita, batik bat, parte hartzen duten profesionalen kopuruari dagokionez”.

“Euskal kulturan errotutako zirku ikuskizun garaikide” gisa sortu dute “Lurrak”, eta zuzeneko musika izango du. Ekainean, kalerako bertsioa aurkeztuko dute, baina aretoetara egokitutako bertsioa ere izango du ikuskizunak: azaroan aurkeztuko dute hori, Santurtziko Nazioarteko Antzerki Jaialdian, eta lehenago, BAD (Bilbao Antzerkia Dantza) Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdian, aurrestreinaldia egingo dute.