Itxi

kultura

Finantzazioa

Kultura proiektuak finantzatzeko laguntza plana aurkeztu dute

Agentziak | Erredakzioa

Eusko Jaurlaritzak, Elkargik eta Tiodos Bankek kultura eta sormen proiektuak finantzatzeko hobariak eskainiko dizkiete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresei.

  • Triodoseko, Jaurlaritzako eta Elkargiko ordezkariek aurkeztu dute ekimena gaur.

    Triodoseko, Jaurlaritzako eta Elkargiko ordezkariek aurkeztu dute ekimena gaur.

Eusko Jaurlaritzak, Elkargik eta Triodos Bankek enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei bideratutako laguntza plan bat abiatu dute, kultura eta sormen proiektuak finantzatzeko.

Akordioaren aurkezpenean, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea, Marcos Pineda Elkargiko zuzendari nagusia eta Dioniso Txaparro Triodos Bankek EAEn duen zuzendaria egon dira, eta kultur eta finantza erakundeen arteko ezadostasunei egotzi dizkiete kultur arloko enpresak finantzatzeko arazoak.

Muñozen hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren kultur politikak oso kontuan hartzen ditu enpresak eta autonomoak, eta laguntza berri hauen helburua proiektu bideragarriak abala falta delako edo bankuen eta enpresen artean informaziorik ez dagoelako finantzaziorik gabe ez gelditzea da.

Pinedak laburtu duenez, “talentua finantzazio bihurtzea” da gakoa.

Finantzazio lerroak erraztuz euskal kultura industria eta, batik bat, ikus-entzunezkoen ekoizpena indartu nahi dute akordioaren sinatzaileek.

Enpresek eta Elkargirekin lotutako kultur ekimenek finantzazioa baldintza onuragarrietan eskatu ahal izango dutela ezartzen du hitzarmenak, bai likidezia operazioetan eta zirkulatzaile eragiketetan baita inbertsio eragiketetan (aktibo finkoa, higiezinak…) ere, 15 urte arteko amortizazio epearekin.

Elkargik eta Triodosek % 50ean partekatuko dituzte merkataritza finantzaketa emateari loturiko arriskuak; Triodos Bankek eta Elkargiren berme sistemak arriskua bere gain hartzeak enpresa txiki eta ertainek eta autonomoek finantzaketa lortzeko aukera gehiago izatea ekarriko du.