kultura
Ekainak 13-19
Euskarazko antzerkiaren zurrunbiloa Gasteizera heldu da
eitb.eus
Zurrunbilo Euskal Arte Eszeniko Garaikideen Jaialdia euskarazko antzerkigintzan sortzen ari denaren lagin bat erakutsiko du Arabako hiriburuan igandera, hilak 19, arte.
-
Marina Ortiz de Zarate eta Unai Lopez de Armentia antolatzaileak, aurtengo kartelari eusten
Parasite taldearen eta Baratza aretoaren ekimenez, Zurrunbilo Euskal Arte Eszeniko Garaikideen Jaialdia egingo dute, gaurtik hasita, Gasteizen. Urtero egiteko asmoz jaio da jaialdia, eta sorkuntza garaikideari eta euskal produkzioari eman nahi die lehentasuna.
Aurtengo programarako, Ander Lipusek eskainiko duen antzerki tailer bat, sorkuntza prozesuan dauden piezen erakustaldia, testu piezak, umorea, musika emanaldiak eta errezitaldi bat antolatu dituzte.
Jaialdia hainbat espaziotara helduko da, eta Baratza aretoa izango da erdigunea.
Asteazkenean, hilak 15, sortze prozesuan dauden bost lanen erakustaldia egingo dute Oihaneder Euskararen Etxean, eta sarrera doakoa izango da.
Ostiralean, hilak 17, bestalde, “Zer duzu Amy?” taularatuko dute, Oihanederren bertan, eta “Zerura eroria” Anodino Teatro taldearen ikuskizuna Baratza aretoan erakutsiko dute.
Larunbatean, “Mr. Señora” errezitaldiak (Oihaneder) eta “Bihotz salataria” Atx Teatroaren lanak (Baratza aretoa) osatuko dute eskaintza, eta igandean, jaialdia burutzeko, “Aitaren larrua” antzezlana (Baratza aretoa) eta Joseba Irazokik Gora tabernan emango duen kontzertua gozatu ahalko dira Gasteizen.