Itxi

kultura

Smithsonian Folklife

Washington, euskal kulturarentzat erakusleiho

Agentziak | Erredakzioa

Euskadik parte hartuko du egunotan egiten ari diren kulturen Smithsonian Folklife jaialdian.

1:38

Euskadik bere burua aurkeztuko du gaur AEBen, Washingtoneko Smithsonian Folklife jaialdian parte-hartzea aprobetxatuz. Ohitura eta modernitatearekin amerikarrak zur eta lur utzi nahi ditu, eta bide batez turistak erakarri eta EAEko enpresei negozio bide berriak zabaldu.

Washingtoneko erdigunean, AEBeko hiriburuaren National Mallen, Euskal Herriaren erakusleiho bat eraiki dute; plaza, pilotaleku, portu, euskaltegi, baserri eta guzti, Smithsonian Folklife jaialdiaren markoan. Munduko kulturen jaialdi handia ekainaren 29tik uztailaren 4ra eta uztailaren 7tik 10era egingo dute.

Jaialdira gonbidatu duten Europa hegoaldeko lehen eskualdea izan da Euskadi. Jaialdiak milioi bat bisitari baino gehiago hartzen ditu, baina 40 milioi lagun baino gehiagok online jarraitzen dute.

Aukera bat

Horregatik, Euskadi AEBen ezagutzera emateko aukera paregabe bat bezala ikusten dute EAEko erakundeek.

Proiektuaren alderdi kulturalaz gain, bisitariak euskal musika, gastronomia, literatura, dantza, kirola eta hizkuntzarekin harremanetan jarriko ditu jaialdiak. Bidaiak alderdi ekonomikoa ere badu; izan ere, AEBeko eragile ekonomikoekin bilduko dira EAEko buruzagiak.

"Erakusleihoa aprobetxatuko dugu (…) gure kulturan, nortasunean, hizkuntzan, azken finean, gurean sakontzeko… eta baita gure gaitasun industrial eta teknologikoa erakusteko ere", azaldu zuen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak.

Aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako arduradunak AEBera joango dira, baita enpresetako eta euskal kulturako 30 bat ordezkari ere, besteak beste, Kepa Junkera trikitilaria, Joaquin Achucarro piano-jolea, Lucia Lacarra dantzaria, Andoni Luis Aduriz sukaldaria eta Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria.

Smithsonian Folklife Washington eitb

Washingtoneko Smithsonian Folklife. Argazkia: EiTB

Diaspora

AEBen euskal herritarren presentzia aspaldikoa dela gogorarazi du Tapia sailburuak. "Diaspora ugari bertan" dagoela gaineratu du.

Azken lau urteetan, EAEko esportazioen hirugarren helburua da, Frantzia eta Alemaniaren atzetik. Era berean, Euskadiko inbertsioen lehen helburua da atzerrian (2000-2015).

Sailburuaren hitzetan, Iparramerikako merkatuan Euskadi helburu turistiko bezala sendotzea da asmoa, "hazkunde gaitasun oso handia duelako".

Azken bost urteetan, turista amerikarren bisitek % 45 gora egin dute Euskadin, Basquetour turismo agentziaren arabera.

Tapiaren ahotan, euskal gastronomia erakusteko "saiakera" berezia egingo dute, ’50 beste Restaurant’ ekitaldiaren "akuilua" aprobetxatuta; izan ere, Mugaritz, Asador Etxebarri, Azurmendi eta Arzak jatetxeak munduko onenen artean kokatu zituen aldizkariaren zerrendak.

Enpresa

Bestalde, ekainaren 27tik 30era Washington, Connecticut, Houston, Milwaukee eta Baltimoren bilerak egingo dituzte Euskadiko enpresen zuzendariek.

Energiak agendaren zatirik handiena bereganatuko du, energia berriztagarri, sare elektriko adimendun (Smart grids) eta petrolio eta gasean oinarritutako bilerekin.

Sailburuaren esanetan, energia berriztagarrien esparruan, eolikoak "hazkunde ahalmen handia" du AEBen, baita "off-shore berriztagarriek ere, aukera asko dituztelako" bertan.

telako" bertan.