Itxi

Bertsolaritza

Denboraldiko azken atala

Bertso-sushi-barrikotea, Hitzetik Hortzeraren agur-festa

Hitzetik Hortzera

Maialen Lujanbio eta Jon Maia izango dira ostegun gauean The Morgan Kompany jatetxeko bertso afarian.

Denboraldiko azken atala du aste honetakoa Hitzetik&' || 'nbsp;Hortzerak eta The Morgan Kompany jatetxetik egingo dute programa. Bertako sukaldariek ''fusiokoa'' omen den menua prestatu dute: sushia, entsaladak, txitxiburruntziak, barazkiak tenpuran... baita upeleko sagardoa ere. Oturuntza gozatzeko Maialen Lujanbio eta Jon Maiaren bertso-kantua. Jantokian propio atondutako lau txokotan momentuan bertan prestatuko dituzte jakiak eta bertsolariak sukalde-gune batetik bestera ibiliko dira kantari. Hitzetik Hortzerako erredakziokoek ere bertatik egingo dituzte aurkezpenak.

Lekuona Hotela eta Xalbador pilota jokoaz.
Aste honetan jasotako bideoan Lasarteko bertso eskolak antolatutako Lekuona Hotela ikuskizuna erakutsiko dute. Jaialdiaren laburpena erakutsi eta Andoni Egañak eta Xabier Payak osatutako bertsoaldi xelebre parea emango dute: aurrenekoan tango dantzari bikoteari kantuan eta bigarrengoan flamenko cantaoreak bailiran abestuz. Zuri-beltzekoan Xalbador pilota jokoaz; pilota aunitz maite baina abildaderik ez omen zuen horretarako.

HHk denboraldi honetan eman duena.
Irailean hasi eta urte amaierara arte txapelketa nagusia izan du Hitzetik Hortzerak arreta gune nagusia. Herrialdeetako txapelketetan ere izan da, eta bertso afari-bazkaritan, plaza librekotan, saio esperimentaletan... guztira 60 bertso saiotik gora. Hamaika elkarrizketa ere eskaini dituzte, bertsozaleentzako lehiaketak eta programako propio jarritako sortak ere izan dira; Alaia Martinek Argentinatik jarriak, Ze Esatek! taldeak Iker Zubeldiaren bertsoak musikatuz kantatuak, Irati Andak hormatzarrean zintzilik abestuak...

HHrik ez, baina bertsolaritzari buruzko hiru programa berezi datozen asteotan.
Hurrengo asteetan bertsolaritzari lotutako hiru programa berezi eskainiko ditu ETB3k HHren ordutegian. 2009ko txapelketa nagusiko bertsoaldi onenen bilduma izango dira lehen bi programak; aurrenekoan finalera arteko hamabi kanporaketetako onena josi dute eta bigarrengoan finalaren ordubeteko laburpena emango dute.

Hirugarren programa berezia bertso-jazz emanaldia izango da. Apirilaren 22an Bilboko Kafe Antzokian grabatutako saioan Amets Arzallusek, Maialen Lujanbiok, Jon Maiak eta Andoni Egañak kantatu zuten Bixente Martinezek (gitarra), Hasier Oleagak (bateria), Asier Ituartek (tronboia), Julen Izarrak (saxoa) eta Jon Pirisek (kontrabaxua) sortutako musika jantziekin. Gaijartzaile Unai Elizasu izan zuten.