Itxi

kultura

Filologoa

Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria, Jean-Louis Davantentzat

eitb.eus

Zuberotar euskaltzaleak “euskara eta euskal kultura indarberritzeko egin duen etengabeko esfortzu eta lana” azpimarratu du epaimahaiak. 2017ko lehen hiruhilekoan emango diote saria.

Jean-Louis Davant (Ürrüstoi-Larrabil, 1935) filologo eta euskaltzaleari emango diote Eusko Ikaskuntzaren 2016ko Manuel Lekuona saria. Davantek euskararen eta euskal kulturaren eremuan egin duen ahalegina nabarmendu du epaimahaiak, eta belaunaldi oso baten erreferente bilakatu dela adierazi du: "Iparraldeko Zuberoko errealitatea argi islatzen du haren pertsonak, eta bere lana Euskal Herri osoari eskaini izan dio beti, katea eten ez dezan lagunduz".

Gainera, Arantzazuko bilkuran eginiko ekarpenak ere izan dituzte kontuan saria berari emateko, 60ko hamarkadan euskararen batasunaren zorua adosten saiatuko zen Ipar Euskal Herriko azken lekukoa izan baitzen. Halaber, pastoralgintzan ere ekarpen oparo eta zabala egin du, eta Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu zuen 2010ean.

Irabazlea hautatzeko, herriak eta epaimahai instituzionalak hartu dute parte: Eusko Ikaskuntzaren bazkideen bozek % 30eko pisua izan dute, Euskal Komunitate Globalarenak % 10ekoa, eta gainerako % 60a epaimahai instituzionalaren esku geratu da; azken horretan, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Euskaltzaindia, Aranzadi Zientzia Elkartea, Labayru Ikastegia, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, Vianako Printzea Erakundea eta Eusko Ikaskuntza daude.

Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria 1983an sortu zuten ekarpen garrantzitsutzat hartzen den obra osoa egin duten pertsonei aitorpena egiteko xedez. Besteak beste, Jorge Oteizak, Jose Miguel de Azaolak, Jose Mª Jimeno Juriok, Elias Amezagak, Menchu Galek, Joan Mari Torrealdaik eta Manuel Lekuonak jaso dute orain arte.

Saria Davanti emateko ekitaldia 2017ko lehenengo hiruhilekoan egingo dute.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Eusko Ikaskuntza