Itxi

kultura

OMENALDIA

Pio Baroja gogoratuko dute, haren heriotzaren 60. urteurrenean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Idazle donostiarra Madrilen hil zen 1956an, literaturan ondare zabala utzita. Gipuzkoako Foru aldundiak hainbat ekitaldi antolatu ditu, Barojaren lana gogora ekartzeko.

Pio Baroja idazle donostiarrarekin duen "zor kulturala eta politikoa" kitatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta hori dela eta, haren heriotzaren 60. urteurrena aprobetxatuko du literaturgile ezagunaren lana gogora ekartzeko. 1956ko urriaren 30ean hil zen Baroja, Madrilen.

Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak eman du antolatutako ekitaldi-sortaren berri, hedabideen aurrean. Hitzaldiak, mahai-inguruak eta Barojaren lanen irakurketa publikoak antolatu dituzte, besteak beste. Bernardo Atxagak, Luisa Etxenikek eta Felipe Juaristik, EiTBn babesarekin, egindako dokumentala ere eskainiko da datorren igandean, Tabakaleran, 18:00etan.

'Barojara itzuli' izenburupean antolatu den omenaldi-zikloarekin "justizia" egin nahi dutela nabarmendu du Itxasok; horren hitzetan, Gipuzkoak eta Donostiak ez dute Barojaren lana behar bezala gogoratu, eta "zor handi bat" dute. "Donostiar unibertsal honen lana ahanzturan izan dugu, edo ez dugu behar bezala gogoratu", esan du. Barojaren "pentsamendu kritikoa" azpimarratu du foru diputatuak.

Donostian 1872an jaiotako idazlea 84 urterekin zendu zen, literaturan lan oparoa utzita; 75 liburu baino gehiago idatzi zituen, eta mundu osoan egin ziren ezagun haren lanak. Gizon "inkonformista, zinikoa eta ateoa" zela agerian utzi zuen bere idatzietan.