Itxi

kultura

Epaiketa

Epaileak Kukuxumusuri eman dio arrazoia, Katuki Saguyakirekiko auzian

N.V. | eitb.eus

Iruñeko Merkataritza-arloko 1. Epaitegiaren ebazpenaren arabera, bost marrazkilariek ezingo dute “Kukuxumusu unibertsoko” ezein irudi egin, zabaldu, komunikatu edo eraldatu.

1:47

Esther Fernandez Arjonilla Iruñeko Merkataritza-arloko 1. Epaitegiko epaileak ebazpena eman du, Kukuxumusu eta Mikel Urmeneta, enpresaren sortzaileetako bat, eta beste lau marrazkilari aurrez aurre jarri dituen auzian.

Ebazpenaren arabera, bost marrazkilariok ezingo dituzte aurrerantzean “Kukuxumusu Unibertsoari” dagokion marrazkirik erreproduzitu, banatu eta eraldatu edo haien komunikazio publikorik egin. Bere garaian markaren esku lagatako marrazkiek osatzen dute auzian hitzetik hortzera ibili den “Kukuxumusu Unibertsoa” kontzeptu labain hori.

Halaber, kondenatuek merkatutik kendu beharko dituzte Katuki Saguyakiren bidez marrazki horiek erabiliz kaleratutako produktu guztiak, eta Kukuxumusuri kalte-ordainak pagatu beharko dizkiote, “jabetza eskubideak hautsi izanak eragin dituen kalte eta galerengatik”.

Kondenatuek ohar batean azaldu dutenez, ebazpenaren aurkako helegitea jartzeko asmoa dute, “askatasunez sortu eta irudikatzea” galarazten baitie.

Mikel Urmenetaren eta gainerako lau marrazkilarien ustez, ebazpenak “merkataritza babesten du eta sormenari kalte egiten dio”. Kukuxumusuk, bestalde, ez du oraindik ebazpenaren inguruko iritzirik eman.

Kukuxumusuren ordezkariak, ostera, “pozik” agertu dira, e a “errespetu osoa” adierazi diote ebazpenari, “akordio guztiak berretsi baititu. Enpresatik oso argi genuen, baina epaiak baieztatu egin du”.