Itxi

kultura

Urriaren 11tik 14ra

Soinu eta argi ikuskizun erraldoia Guggenheimen, 20. urteurrena ospatzeko

eitb.eus

Bilboko museoak soinu, argi eta proiekzioekin osatutako ikuskizuna eskainiko du urriaren 11tik 14ra, eraikina euskarri gisa erabilita. 200.000 lagunek ikusi ahalko dute, doan.

1:19

Guggenheim Bilbao Museoak mapping bat, kaleko ikus-entzunezko ikuskizun bat, eskainiko du urrian, hogeigarren urteurrena ospatzeko, 59 Productions eskoziar enpresaren eskutik.

Loe Warner enpresaren zuzendari eta ikuskizunaren arduradunak museoaren XX. urteurrenaren kariaz antolatutako ekitaldien aurkezpenean azaldu duenaren arabera, Guggenheimerako egin duen diseinuak ez du eraikina “pantaila pasibo” gisa erabiliko, baizik eta protagonista eta narrazioaren ardatz moduan.

Urriaren 11ren eta 14aren artean egingo dute ikuskizuna, eta azken bi hamarkadetako Bilboko historia eta sormenaren errepasoa egingo dute bertan. Animazioak 20 minutuko iraupena izango du, eta musika edukiko du lagun. Museoaren kudeatzaileak egindako kalkuluen arabera, 200.000 lagunek baino gehiagok ikusi ahalko dute, eskainiko dituzten 20 emanaldietan.

“Reflections” lau egunez ikusi ahalko da jarraian, 20:30 eta 23:30 artean, eta Itsasadarraren ertzetan paratutako eremuetarako sarbidea doakoa izango da.

Zabaldu zutenetik, Bilboko Guggenheimek 165 erakusketa hartu ditu, aldi baterako 95 eta Bilduma Iraunkorraren 70; sei astean behin, erakusketa berri bat izan da, beraz. Guztira, 20 milioi pertsonak bisitatu dute Guggenheim, horietako bi herenak atzerritarrak.