kultura
Elkarrizketa: Stuart Franklin
'World Press Photo sariarekin oihartzun handia eman diegu terroristei'
Leire Etxazarra | eitb.eus
Stuart Franklin Magnum Agentziako kideak eta argazki garailearen kontrako botoa eman zuen. Polemika horretaz eta kazetaritzaren egoeraz hitz egin dugu berarekin, Bilbora egindako bisita laburrean.
-
Stuart Franklin, eitb.eus-i emandako elkarrizketan. Argazkia: Josu Zaldibar.
Ez da ohikoa World Press Photo sariko epaimahaiko buruak saritutako argazkiaren kontrako botoa ematea, eta bere jarrera hedabide batean publikatutako artikulu batean adierazi eta arrazoitzea. Stuart Franklinek horixe bera egin zuen otsailean, The Guardian egunkarian.
61 urteko ingeles honek eskarmentu handia du argazkilaritza munduan. Magnum agentzia ospetsuan sartu zen 80ko hamarkadan, eta presidente kargua ere hartu zuen 2006 eta 2009 artean. Berak egin zuen XX. mendeko argazki ezagunetariko bat: Txinako Tiananmen plazan tanke ilara bati aurre egin zion gizon ezezagunarena.
Adiskidetsua, hurbila eta hiztuna, egoera latz ugari eta ezberdinen berri eman du bere argazki kameraren bidez: Libano, Beirut, Nikaragua, Afrikako gosetea, Heysel estadioko ezbeharra…
Stuart Franklin Bilbon izan da argazkilaritza ikastaro bat emateko, Blackkamera Argazkigintza Dokumentaleko eskolak gonbidatuta.
Deseroso jarraitzen duzu aurtengo World Press Photo sariarekin?
Kontrako botoa eman nuen, arrazoi etikoek bultzatuta. Argazki-kazetaritzak kode etiko bat du, eta kode horretako puntu batek argi dio ez gaituztela antzeztutako gertaerengatik manipulatu behar. Errusiako enbaxadorearen hilketa nahita egindako antzezpena izan zen, hedabideentzako pentsatutakoa. Argazki hori edo terroristek egindako buru-mozteena publikatzearen atzean arazo morala dago.
Burhan Ozbilici argazkilaria heroitzat hartu zuten horrelako egoera batean argazki hori ateratzeko adorea izateagatik.
Ez dut esaten meritua ez duenik, edo aintzatestea merezi ez duenik, hori ez da zalantzan dagoena. Arazoa da planifikatutako, antzeztutako, hilketa bat erakusten duen argazki bat saritzea, hor dago koska. Hilketa hori hedabideen aurrean egin zuten publizitate handiagoa izateko, eta guk, irudia saritzean, oihartzun handiagoa eman diegu terroristei.
Kontrako botoa eman zenuen. Eztabaidarik izan zen epaimahaikideen artean?
Erabakia aho batez hartutakoa izan zela esan zuten, eta horrek haserrearazi ninduen, gezurra zelako. Are gehiago, argazki hori garaile atera ahal izateko arauak aldatu zituzten. World Press Photo saria irabazteko, bederatzi epaimahaikideetatik zazpik aldeko botoa ematea behar duzu. Gu 5 eta 4 geunden, eta presioak egon ziren kontrako botoa eman genuenok iritziz aldatzeko, eta presionatzeko era ez zen oso gozoa izan. Azkenean arauak aldatu zituzten 5 eta 4ko horrekin nahikoa izateko. Arauak aldatzeak haserrearazi ninduen, eta prozesu guztiaren inguruan izandako iluntasuna. Eta noski, gero, prentsaurrekoan, aho batez hartutako erabakia izan zela esatea. Horregatik erabaki nuen The Guardian egunkarian idaztea,, nire jarreraren eta botoaren berri emateko.
Argazki kazetaritzan ibilbide luze eta oparoa duzu. Nola hasi zinen?
Egia esateko, hasieran ez ninduen gehiegi erakartzen. Baina Sunday Times aldizkarian lanean hasi nintzen, eta ondoren Sygma agentzian, Frantzian. Han lankideak euren motxilekin eta hautsez beteta etortzen ikusten nituen eta lehen enkarguak jasotzen hasi nintzen. Eta orduan, argazki-kazetaritzak harrapatu egin ninduen, droga bihurtu zen.
Droga bihurtu? Zergatik?
Argazki-kazetaritza droga bat bezalakoa da mundua alda dezakezula uste duzulako, eta aldatu nahi duzu, baina kanpora atera eta gehienetan zure argazkiek ez dute deus ere balio, kaka hutsa dira, eta ez duzu ezer aldatzeko modurik. Baina droga da gero eta hobeto egin nahi duzulako, zure argazkiak hobeak izatea nahi duzulako, jendeak bizi dituen egoera latzak munduari erakusteko. Droga da komunikatzaile hobea izan nahi duzulako, eta kontatu nahi duzun historiaren mamira iritsi nahi duzulako.
Zenbateraino murgildu behar du argazkilari batek jorratzen ari den istorioan?
Nahitaez egin behar du, batez ere argazkilaritza dokumentalean. Hemen ez dago lasterbiderik, lan on bat egiteko protagonista ezagutu behar duzu, berarekin hitz egin… Adibidez, Espainian etxegabetzeei buruzko lanak egin dira. Horrelakoetan, ezin duzu poliziarekin iritsi, ordu pare batean argazkiak egin eta alde egin. Jende horren egoera ulertu behar duzu, gertutik ikusi, bere lekuan egonda sentitzen dena jakin behar duzu, egoera bizi, eta ez iritsiberriaren begiekin adierazi. Istorioak ondo pentsatu behar dira, eta enpatia erabili.
Sarritan, gerretan lan egiten duten kazetariei jendeari ez laguntzea leporatzen diete, eta kritika zorrotzak jasotzen dituzte. Zein da zure iritzia?
Ezagutzen ditudan kazetari gehienek jendeari laguntzen diote. Zauriturik bada, euren autoetan eramaten dituzte ospitalera. Horrelakoak denoi gertatu zaizkigu. Baina bere etxeko egongelan eroso eserita daudenentzat erraza da kritikatzea, hausnarketarik egin gabe. Gertaera izan den lekura eraman beharko genituzke, orduan euren iritzia egoera gertutik ezagututa emateko aukera izan dezaten. Argazki-kazetariak pertsona oso onak dira, eta laguntzeko prest daude beti. Hori da nire esperientzia.
Kritika horiek eraginik al dute lan egiteko orduan?
Argazki-kazetari askok, adibidez, ez dute euren argazkiaren testuinguruari buruz hitz egiten, ez dute nahi, kritiken beldur direlako. James Nachtwey estatubatuarrak, adibidez, ez du bere argazkiez hitz egiten, nola atera zituen, eta pena handia da, testuinguru subjektibo hori garrantzitsua delako egoera eta irudia bera ulertzeko.
Historiara pasako den irudia, edo irudi ikonikoa, gehiegi bilatzen da?
Irudi ikonikoek arazo bat daukate: testuinguruarekin duten lotura galtzen dute, eta ez litzateke horrelakorik gertatu behar. Adibidez, nik Tiananmenen ateratako argazkiari begiratzen badiozu, erresistentziaren ikur bihurtu dela ikusten duzu, baina gehienek ez dute gogoratzen argazki hori atera baino minutu batzuk lehenago Txinako Armadak ehunka herritar tirokatu eta hil zituela.
Bukatzeko, zer gomendio emango zenioke argazkilaritzan lan egin nahi duen pertsona bati?
Argazkigintza dokumentalean jardun nahi badute, konpromisoa sentitzen duten gaietan aritzea esango nieke. Jakin-mina ere izan behar dute, egoera bat ondo aztertu eta irakurri ahal izateko. Azken hori oso garrantzitsua da argazki-kazetaritzan, jakin-minik ez baduzu, ez zarelako galderak egiteko gai izango. Halaber, bestearen lekuan jartzeko gai izan behar dugu, zure irakurleak ere bestearen lekuan jarri ahal izateko. Eta hori da, hain zuzen, istorio on baten oinarria.