Itxi

kultura

Errenteria

Bisonteen eta zaldien 15 irudi aurkitu dituzte Aitzbitarten

eitb.eus

Errenteriako kobazuloan, Arte Parietal Paleolitikoko aurkikuntza ezohikoak egin dituzte; teknika ezohikoa erabiliz egindako marrazkiak dira, eta oso egoera onean daude.

1:41

Arte Parietal Paleolitikoko, duela 14.000 bat urteko, hainbat lagin aurkitu dituzte Errenterian, Aitzbitarte IV kobazuloan, eta, Gipuzkoako Aldundiak gaur egindako aurkezpenean azaldu duenez, “berebiziko garrantzia duen aurkikuntza da, erabilitako teknikaren ezohikotasunagatik eta duen inpaktu bisualagatik, horietako batzuk behe erliebeko figurak baitira”.

Aurreko apirilaren 6ean Javier Busselo eta Sergio Laburu Felix Ugarte Elkartea espeleologia taldeko kideak Aitzbitarte IV kobazulora joan ziren erdiko zatian dauden zenbait tximinia bertikal aztertzera, eta Paleolitoko hainbat grabatu topatu zituzten; “zimurrek duten patinarengatik” eta “sektoreko hormak eta zoruak ukitu gabe daudelako” ondorioztatu dute grabatuak garai hartakoak direla, gaur azaldu dutenez.

Diego Garate adituaren hasierako balorazioaren arabera, gutxienez 15 animalia-irudi (bisonteak eta zaldiak) eta bi bulba daude, denak kontserbazio egoera oso onean.

Madeleine Erdia aldiko irudietako batzuk, bisonte bat eta oraindik zehaztu gabeko beste animalia bat, kantauriar kostaldean inoiz ikusi gabeko teknika batez eginda daude: silexezko zizel txiki batez modelatuta. Eskuak erabili zituzten, gainera, adituen hitzetan, bolumena emateko.

Alboko panel batean, metro bateko bulba bat dago, eta, ondoan, beste txikiago bat. Aurrez aurre, neurri handiko zaldi bat dago (metro eta erdikoa), eta interpretatu gabeko hainbat lerro eta buztin-erauzketak.