Itxi

kultura

Nazioarteko jaialdia

Polonia, Mexiko, India, Errusia eta Ekuadorreko folka, Portugaleten

Agentziak | Erredakzioa

Gaurtik ostegunera, Portugaleteko Nazioarteko 43. Folklore Jaialdiak hainbat herritako dantzen laginak aurkeztuko ditu. Hilaren 27an, Bilbora helduko da jaialdia.

  • Elai Alai talde antolatzaileak ere hartuko du parte jaialdian

    Elai Alai talde antolatzaileak ere hartuko du parte jaialdian

Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren 43. edizioak Poloniako, Mexikoko, Indiako, Errusiako eta Ekuadorreko taldeak bilduko ditu astelehenetik ostegunera bitartean, eta Kolonbiako talde bat ere igoko da oholtzara Bilbon uztailaren 27an izango den emanaldian.

Jaialdia Portugaleteko Canilla pasealekuan ospatuko da, eta dantza emanaldiak egunero izango dira, 21:30etik 23:00etara. Gainera, astelehen honetan bertan, talde guztiak aldi berean ariko dira dantzan, eta tartean izango da jaialdia antolatzen duen elkartea, Portugaleteko Elai-Alai, ere.

Modu honetan, asteartean, uztailaren 18an, Wisla folklore taldea (Polonia) eta Colimako Unibertsitateko Ballet Folklorikoa ariko dira; asteazkenean, uztailaren 19an, Rangsagar taldea (India) eta Txuvasiako Estatuko Kantu eta Dantza Konpainia (Errusia) izango dira protagonista; eta bukatzeko, ostegunean, hilaren 20an, Tungurahua Folklore Taldea (Ekuador) eta Elai-Alai ariko dira.

Munduko Dantzak

Bestalde, uztailaren 25ean Munduko Dantzak jardunaldia egingo da Karlos VII.a kalean, 21:30etik 23:00etara. Sei oholtza jarriko dira Portugaleteko inguru horretan, eta taldeek hamar minutuko emanaldiak eskainiko dituzte aldi berean eta agertokiak txandakatuz.

Uztailaren 27an, berriz, Bilbon izango da hitzordua, 19:00etan, Arriaga Antzokiaren plazan emanaldia eskainiko baitute jaialdian parte hartzen duten bost taldeek, Elai-Alai elkarteak eta Kolonbiako talde batek.