Itxi

kultura

Irailak 15 eta 16

Ustekabekoz beteriko Donostia Kutxa Kultur Festibala

E. Lotina | eitb.eus

Musika talde ezagunez gain, pop up ikuskizunak, publikoarentzako doako ile-apaindegi eta bizartegia, kontzertu sekretuak, food trucks eta sagardo-dastatzeak izango dira.

1:20

Donostia Kutxa Kultur Festibala irailaren 15ean eta 16an egingo dute Hipodromoan, antolatzaileek jakitera eman dutenez. Lekualdaketarekin festibalak bost urteko epe berri bati hasiera emango dio.

The Jesus and Mary Chain, The Hives, The Divine Comedy, Love of Lesbian, The Drums, Hercules And Love Affair eta gehiagok osatzen dute aurtengo egitaraua, baina musikaz gain, ustekabe ugari ditu festibalak, besteak beste, pop up ikuskizunak, publikoarentzako doako ile-apaindegi eta bizartegia, kontzertu sekretuak, food trucks eta sagardo-dastatzeak.

Kontzertu sekretuak Hidden Stage zalditokiak hartuko ditu. Gonbidapenak FNACeko mostradore batean jasoko dira eta 40 laguneko taldeek Lukiek, Tihuana Bibles, Kokein, Crô!, Luma eta Smoke Idols ikusteko aukera izango dute. Besteak beste, Erol Alkan eta Floating Points taldeek musika elektronikoa jarriko dute goizaldeko seiak arte, dantzaleku bilakatuko den paddock batean.

Bestalde, Agnes Laundry ile-apaintzaile eta bizargin ospetsuak eta Milk ile-apaindegiko langileek bertaratutakoen irudia aldatuko dute.

Gainera, festibalak food trucks izenekoak hartuko ditu, street art erakusketa bat eta azoka bat (argazkilariak, diseinatzaileak, irudigileak).

Lasarteko tabernek festibaleko artisten omenez pintxoak sortuko dituzte eta Araeta sagardotegiak sagardo-dastatzeak eskainiko ditu hipodromoan.

Euskotrenek festibala eta Donostia 12 minututan lotuko ditu. Tren bereziekin zerbitzua indartuko dute kontzertu nagusiak bukatzean.

Festibalak cashless izaten jarraituko du, nazioarteko gainerako ekitaldiak bezalaxe.