kultura
20. urteurrena
Guggenheim museoak bere ateak doan zabalduko ditu asteburu honetan
Agentziak | Erredakzioa
Bisitariek museora doan sartzeko aukera izango dute larunbatean eta igandean. Bi hamarkadetan zehar emandako babesa “beste behin ere” eskertu nahi die museoak herritarrei.
-
Guggenheim museoa. Artxiboko irudia: EiTB.
Bilboko Guggenheim museoak bere ateak doan zabalduko ditu asteburu honetan. Horrela, bi hamarkadetan zehar emandako babesa “beste behin ere” eskertu nahi die museoak herritarrei; izan ere, duela 20 urte inauguratu zuten.
Arte modernoko zentroak jakitera eman duenez, larunbatean eta igandean museora hurbiltzen diren pertsona guztiek erakusketa “erakargarri bereziak” ikusteko aukera izango dute, besteak beste, Bill Violaren atzera begirako erakusketa. Museoaren hitzetan, “gure garaiko artistarik garrantzitsuenetariko” baten ibilbide tematiko eta kronologikoa da. Bideo artearen aitzindaria da. Erakusketak Iberdrolaren babesa du.
Gainera, Anni Albersen erakusketa zabaldu berria bisitatzeko aukera izango du jendeak. Ehun-artearen aitzindariaren zazpi hamarkadako ibilbidea laburbiltzen du. Bestalde, “porrot egin duten heroi zaurgarriak” irudikatu zituen Georg Baselitzek 1965etik 1966ra. Erakusketa monografikoa igandera arte egongo da zabalik.
Azkenik, Ken Jacobs bideo artistaren ‘The Guests’ ikusteko parada izango dute bisitariek, eta baita 'Guggenheim Bilbao Museoko Maisulanen Bilduma' ere.
Bestalde, ostiral gauean Art After Dark saio berri bat hartuko du museoko Atariak: Oliver Koletzki Live Set (Stil vor Talent, Berlin), Moa Anbessa (Venezia) eta Follow The Party (Fever, Bilbo).