Itxi

Artea

20. urteurrena

Bizkaitarrek Guggenheim doan bisitatu dezakete dagoeneko

Agentziak | Erredakzioa

Bizkaitar adindun guztiek gonbidapen pertsonal eta transferiezin bat jaso dute urrian Bilboko museoa bisitatzeko, eta joan-etorria ere doan dute Bizkaibusen.

Bizkaitar adindun guztiek urrian Guggenheimen doan sartzeko gonbidapen bat jaso dute etxean, Bilboko erakustokiaren hogeigarren urteurrena ospatzeko ekintza sortari dagokion ekimen bati esker.

975.000 bizkaitar, lurraldeko adindun guztiak, sartu ahal izango dira zentroan doan, eta Bilborako joan-etorria ere doan izango dute, Bizkaibuseko autobusetan.

Gonbidapen txartelak pertsonalak eta transferiezinak dira.

Museoan urriaren 1 eta 31 artean sartzeko eta Bizkaibusen joan-etorria egiteko balio dute, eta txartelarekin batera nortasuna egiaztatzeko agiriren bat erakutsi beharko da.

"Ateak, parez pare zabalik"

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak azpimarratu zuen bizkaitar guztiak Guggenheimez harro egon behar direla, eta, museoaren arrakasta denoi helarazteko, kanpaina egitea erabaki zutela, “bizkaitar guztiei ateak parez pare irekitzeko”.

Museoaren XX. urteurrena ospatzeko ekitaldiei dagokie honakoa, eta, aurretik iragarri zuten bezala, “Reflections” ikuskizunak jarriko die azkena urriaren 11tik 14ra. Mapping ikuskizun horretan, irudiak proiektatuko dituzte museoko hormen gainean.