Itxi

kultura

SARIA

Montxo Armendarizek 2017ko Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxa saria jaso du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Sari hau jaso duen lehen zinema zuzendaria da Armendariz.

  • Montxo Armendariz. EFE

    Montxo Armendarizek Urkulluren eta Barkosen txaloak jaso ditu. Argazkia: EFE

Montxo Armendariz zinemagile nafarrak jaso du aurtengo Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien saria. Saria emateko ekitaldian esan duenez, atsegina da "gustuko duzuna egitea, hortaz bizitzea eta gainera sariak irabaztea". Saria 1995ean hasi ziren ematen, eta zazpigarren aldiz irabazi du nafar batek. Hala ere, sari hori jaso duen lehen zinema zuzendaria da Armendariz.

Iruñean, Kondestable jauregian, egin den ekitaldian, Txomin Garcia Laboral Kutxako presidentearen eta Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidentearen eskutik jaso du saria. Besteak beste, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea ere izan dira bertan.

Zinemagile nafarrak 20.000 euroko saria jaso du. Armendarizen esanetan, bere lan profesionala aitortzeaz harago, zinemak komunikaziorako tresna eta giza adierazpen gisa duen garrantzia azpimarratzen du sariak. Hori dela eta, eskerrak eman ditu.

Bere hitzaldian, Jean Renoir zinemagile frantziarraren hitzak aipatu ditu Armendarizek: "Niretzat garrantzitsuena ez da pelikula perfektuak egitea, zubiak eraikitzea baizik".

Armendarizek (Oleta, 1949) film ezagun asko zuzendu ditu: Tasio (1984), Historias del Kronen (1994) —Goya saria irabazi zuen— eta Secretos del Corazón (1997) —Atzerriko Hizkuntzan egindako film onenaren Oscar sarietarako hautagai izan zen—.